Astearteko jardunaldia
Amaia eta Lide Erbina eta Anne Fernandez de Corres bosgarren geratu dira Europako Jokoetako errugbiko lehian
EITB MEDIA
Bestalde, Clara Azurmendik final-laurdenetarako txartela ziurtatu du, badmintoneko binakakoan.
Anne Fernandez de Corresek eta Amaia eta Lide Erbina ahizpek bosgarren postua eskuratu dute Krakoviako Europako Jokoetan jokatu den errugbi txapelketan Alemaniari 26-5 irabazita.
Multzoetako fase osoan eta gaur goizean bertan Italiaren aurka, Ignacio Martin donostiarrak zuzentzen duen taldea oso sendo agertu da, eta arratsaldean ere inolako pitzadurarik gabe jokatu du alemaniarren aurka. Aurkariek etengabe bilatu dituzten bide guztiak itxi dituzte. 0-7koarekin joan dira atsedenaldira, eta 0-19raino egin dute hegan bigarren zatian.
Alemania hurbiltzen saiatu da, Mette Lil Anna Zimmaten entsegu baten bidez, baina alferrik izan da. Espainiak erritmoa igo du partidaren azken zatian, eta 26-5 nagusitu da txapelketako bosgarren postua eskuratzeko.
Clara Azurmendi, badmintoneko final-laurdenetara
Bestalde, badmintoneko binakako txapelketan, Clara Azurmendik eta Bea Corralesek multzoen faseko bigarren partida irabazi dute, eta final-laurdenetarako txartela ziurtatu dute horrela.
Donostiarrak eta madrildarrak garaipena lortu dute Au Yeong eta Hochmeir austriarren aurka (15-21, 21-11 eta 21-8). Bihar, multzoen faseko azken partida jokatuko dute, ustez zailena, Debora Jille eta Cheryl Seinen herbeheretarren aurka.