Hilak 16
Gurutze Frades eta Rebecca Clarke, datorren igandeko Gasteizko Ironmanean
EITB MEDIA
Helene Alberdi ere izango da proban. "Berezia izango da etxean korrika egitea, jende ezagun asko gerturatuko da", esan du Fradesek. 58 herrialdetako 1.500 atletak parte hartuko dute; emakumezkoetan, 20 bat profesionalek.
Gurutze Frades euskal triatleta eta Rebecca Clarke zeelandaberritarra Gasteizko Ironmanean izango dira igandean, hilaren 16an. Laugarren aldiz jokatuko dute proba, eta, antolatzaileek esan dutenez, 58 herrialdetako 1.500 atletak parte hartuko dute; emakumezkoetan, 20 bat profesionalek.
Emakumezko triatleten helburua izango da, garaipena lortzeaz gain, Hawaiiko Konan egingo duten VinFast Munduko Txapelketarako tokia eskuratzea. Gurutze Fradesek badu bermatuta Konan izatea, 2022ko azaroan Mexikoko Cozumelen irabazi baitzuen beste Ironman bat: "Ez da ohikoa, niretzat, eta, hainbat urtez, senideeketa lagunek urrutitik jarraitu dute nire kirol ibilbidea. Berezia izango da etxean korrika egitea, jende ezagun asko gerturatuko da Gasteizko kaleetara, lasterketaren egunean", esan du.
Frades eta Clarke alde batera utzita, beste hauek ere izango dira Gasteizen: Helene Alberdi, Svenja Thoes alemaniarra, Els Visser herbeheretarra, Alexandra Tondeur belgikarra eta Sara Svensk suediarra.
Oraingo honetan, Gasteizko Ironman honetan, gizonezkoetan, Nizan (Frantzia) irailaren 10ean jokatuko duten VinFast Ironman World Championship txapelketan parte hartzeko 100 toki jarriko ditu jokoan; emakumezkoetan, Konako probarako 50 toki izango dira eskuragai. Azken hori urriaren 14an egingo dute.
Igeriketako, bizikletako eta oinezko lasterketako tarteak Uribarri Ganboako urtegian hasiko dira. Zirkuitua, 3,8 kilometrokoa bera, balio ekologiko handia duen ingurune batean dago, haritzetako basoengatik eta hiririk gertu dauden hezeguneengatik. Bizikletaz egiteko ibilbidea, 180 kilometrokoa, Arabako Lautadan jokatuko dute; azkenik, maratoian Gasteizko erdigunetik arituko dira, eta lau itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari. Helmuga Plaza Berrian izango da.