Golfa
Otaegui laugarren dago Britainia Handiko Irekian; Rahmek parraz gainetik hiru kolpe egin ditu lehen egunean
EITB MEDIA
Adrian Otaeguik parraz azpiko lau kolpeko txartela eman du amaieran, denboraldiko laugarren txapelketa handian aurreneko postuan dauden hiru golf jokalariengandik oso gertu; Christo Lamprecht, Tommy Fleetwood eta Emiliano Grillo dira horiek. Rahmek, ordea, ahazteko moduko jardunaldia izan du.
Adrian Otaegui donostiarrak laugarren postuan amaitu du 2023ko Britainia Handiko Irekiaren lehen jardunaldia, aurreneko tokiarekiko kolpe bakarrera; txapelketa ostegunean hasi da, Royal Liverpool Golf Cluben. Adrian Otaeguik parraz azpiko lau kolpeko txartela eman du egunaren amaieran, denboraldiko laugarren txapelketa handian aurreneko postuan dauden hiru golf jokalariengandik oso gertu; Christo Lamprecht hegoafrikarra, Tommy Fleetwood britainiarra eta Emiliano Grillo argentinarra dira horiek. Jon Rahm barrikarrak, ordea, ahazteko moduko jardunaldia izan du: parraz gainetik hiru kolpe egin ditu, eta, behin behinean, 89. postuan dago, lehen postuarekiko zortzi kolpera.
Testuinguru honetan, Adrian Otaeguik bikain heldu dio 151. Britainia Handiko Irekiari. Golfjokalari gipuzkoarrak 67 kolpe behar izan ditu ibilbidea amaitzeko, hau da, Lamprechtek, Fleetwoodek eta Grillok baino bat gehiago. Hasiera ezin hobea eman dio, beraz, txapelketari.
Jon Rahmek, aldiz, 74 kolpe behar izan ditu, amaitu baino lehen. Horrenbestez, barrikarraren helburu nagusia, oraingoz behintzat, Britainia Handiko Irekiko bigarren egunari begira, behin-behineko emaitza hori hobetzea da, txapelketan aurrera egiteko.