Golfa
Carlota Ciganda kanporatu egin dute Evian Championship txapelketan, txartel okerra sinatzeagatik
EITB MEDIA
Nafarrak, ostiralean, bigarren jardunaldiko balantze gisa, 72 kolpeko txartela sinatu du, alegia, parraz gainetik batekoa, baina epaile batek bi kolpeko zigorra ezarri dio, joko geldoagatik.
Carlota Ciganda kanporatu egin dute, ostiralean, Evian Championship txapelketan, txartel okerra sinatzeagatik. Hain zuzen ere, nafarrak, txapelketako bigarren jardunaldiaren balantze gisa, 72 kolpeko txartela sinatu du, alegia, parraz gainetik bat; txapelketako epaile batek, baina, beste bi kolpeko zigorra jarri dio Cigandari, joko geldoagatik, eta, guztira, beraz, 74 kolpe ziren. Emaitza okerra jasotzen duen txartela sinatu duenez, nafarra Evian Championshipetik at geratu da.
Ostegunean, aurreneko jardunaldian, Cigandak parraz gainetik hiru kolpe egin zituen; ostiralean +1 egin izan balu, aurrera egingo zuen txapelketan, asteburuan zehar.
Eztabaida azken zuloan izan da, 18.ean. Nafarrak bost kolpe behar izan ditu egiteko, hau da, parra, baina epaile batek beste bi kolpeko zigorra ezarri dio (zazpi, beraz), ustez denbora luzeegia baliatu baitu zulo horretan. Cigandaren esanetan, epaileak adierazitako denbora eta bere laguntzaileak hartutakoa ez datoz bat.
Celine Boutier frantziarra dago Evian Championseko lehen postuan; asteburuaren atarian, parraz azpitik zazpi du. Evian Championship txapelketa denboraldiko handietako bat da, "major" bat.