Itxi

GOLF

Rahmek laugarren postuan ekingo dio FedEx Cupeko finalari, Hovlandek irabazitako BMW Championshiparen ostean

Agentziak | EITB MEDIA

Barrikakoa lehen postuan zegoen asteburu honetan BMW Championship jokatu baino lehen, baina, azken emaitzaren ondorioz, hiru golflarik aurreratu dute: Schefflerrek, Hovlandek eta McIlroyk.

Jon Rahm, EFEren artxiboko irudi batean

Viktor Hovland golf-jokalari norvegiarrak irabazi du igande honetan amaitu den BMW Championship txapelketa, eta Scottie Scheffler estatubatuarrak Jon Rahmi lidergoa kendu dio FedEx Cupeko finaletan.

Joan zen astean Lucas Glover estatubatuarrak irabazi zuen Memphisko (Tennessee, AEB) TPC Southwind txapelketaren ostean, PGA Tourreko 50 jokalari onenak Olympia Fields zelaian izan dira egunotan, Chicagotik (Illinois) 50 kilometrora.

Hala, Hovlandek irabazi du torneoa, parraz azpitik 9 kolpeko emaitzarekin (61 kolpe), eta zelaiko errekorra hobetuta.

Guztira, parraz azpitik 17 kolperekin, norvegiarrak Scheffler eta Matt Fitzpatrick ingelesa, liderrak biak, garaitu zituen. Parraz azpitik 4 kolperekin bukatu zuten azken itzulia; orokorrean, parraz azpitik 15ekin.

Rory McIlroy iparrirlandarrak, bere aldetik, laugarren egin zuen (parraz azpitik 4 igandean, eta parraz azpitik 12 guztira).

Rahm, ohiko mailatik behera

Onenengandik urrun amaitu zuen Rahmek, torneo honetako emaitza txarraren ondorioz. Parraz azpitik hiru kolpera geratu zen igandean, 31. postuan (50 golf-jokalari zeuden).

Barrikakoa FedEx Cupeko lehen postuan zela iritsi zen arren, laugarren tokira jaitsita hartuko du parte azken lehiara, Tour Championship torneora, Scheffler, Hovland eta McIlroy aurretik dituela.

Tour Championshipek formatu berezia du, Fedex Cupeko liderrak parraz azpiko hamar kolpeko abantaila baitu; gainerakoak, berriz, honela hasiko dira:

1. Sailkatua (Scheffler): -10

2. Sailkatua (Hovland): -8

3. Sailkatu (McIlroy): -7

4. Sailkatua (Rahm): -6

5. Sailkatua (Glover): -5

6-10: -4

11-15: -3

16-20: -2

21-25: -1

26-30: parrean

Albisteak (3)