Eskubaloia
Bera Bera, Iberiar Superkopako txapeldun
I. G. | EITB MEDIA
Gipuzkoarrek 28na berdindu dute 60 minutuetan, eta irabazleak penaltietan erabaki dira (3-2), oso lehiatua izan den partida batean.
Super Amara Bera Berak irabazi du Iberiar Superkopa, igande honetan Costa del Sol Malagari Donostiako Josean Gasca kiroldegian finala irabazita. Gipuzkoarrek 28na berdindu dute arauzko denboran, eta irabazleak penaltietan erabaki behar izan dira (3-2), oso lehiatua izan den partida batean.
Partida berdinduta hasi da, bi taldeen arteko etengabeko gol trukearekin, baina Malagak hartu du aurrea markagailuan (3-4). Horrela joan dira dueluaren lehen minutuak; Malagakoek aurrea hartzen zuten markagailuan eta jarraian donostiarrek berdindu egiten zuten.
7-6ko gola izan da aurretik jarri diren lehen aldia, partida hasi eta ordu laurdenera, eta penalti batekin ordura arte mantendu duten gol bakarreko diferentziako dinamika hori haustea lortu dute (9-7).
Jokoak oso bizi jarraitu du. Malagak aurrea hartu du berriro bi gol jarraian sartuta (12-14), eta lehen zatian bi taldeak oso fin aritu dira aterako jaurtiketetan. Atsedenaldira joan aurretik, Bera Berak partidari buelta eman dio berriz 15-14 amaitzeko.
Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da, Malaga markagailuan gailenduta. Euskaldunek erritmoa jarraitzen jakin dute eta ez diete abantaila handitzen utzi (20-21).
Amaierarako bost minuturen faltan partida ezin zen berdinduago egon: 26nako berdinketa.
Bazirudien Malagak garaipena lortuko zuela, baina Gipuzkoako taldeak indarra erakutsi du eta aurre egin dio une oro. 60 minutuak ez dira nahikoa izan berdinketa hausteko eta partida penaltietara joan da.
Penaltietan, Bera Berak hiru gol sartu eta bi jaurtiketa huts egin ditu, baina talde gipuzkoarreko atezaina aurkariari hiru jaurtiketa gelditzeko eta bere taldeari kopa emateko gai izan da (3-2).