Golfa
Jon Rahm, Ryder Cupeko txapeldun Europako taldearekin
EITB Media
Europa 16,5-11,5eko emaitzarekin nagusitu zaio Ameriketako Estatu Batuetako taldeari, eta titulua berretsi du. Buruz buruko neurketetan emaitza estutu du AEBk, baina ezin izan du garaipena bereganatu. Jon Rahmek puntu erdi lortu du Schefflerren aurka.
Europak irabazi zuen Ryder Cup txapelketa, igande honetan, urriaren 1ean, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) taldea mendean hartuta 16,5-11,5eko emaitzarekin. AEBk emozioa eman zion azken egunari buruz buruko partidetan lortutako garaipenekin, baina ezin izan zuen emaitza bere alde jarri. Tommy Fleetwood ingelesa izan zen estatubatuarren itxaropena zapuztu zuena.
Europa aurretik zela abiatu zuten igandeko jardunaldia Erromako Marco Simonen, 10,5 punturekin; 5,5 zituen AEBk. Dena den, lan zailena egiteke zuten: buruz buruko partidak, hain zuzen ere. Gainera, AEBk lehen bi egunetan erakutsitako lehiakortasuna agerian zuen, Luke Donalden taldea benetan estutzea lortuta.
Jon Rahm euskaldunak puntu erdi bereganatu zuen Scottie Scheffler munduko rankingeko lehenaren kontrako lehian, azken zuloan egindako kolpe bikain batekin.
Viktor Hovland norvegiarrak, bere aldetik, irabazi egin zion Collin Morikawari; Rory McIlroyk ere Sam Burns mendean hartu zuen. Markagailuak oso berdinduta zeudela, Tyrrel Hattonek ere ez zuen hutsik egin Brian Harmanen aurrean garaitu, eta titulua puntu erdira uzteko. Azkenik, Tommy Fleetwood ingelesaren azken partidari begira zeuden denak: hiru eta bat emaitzarekin amaitu zuen lehia. Beraz, europak behar zituen 14,5 puntuak gainditzea lortu zuen azkenean.
Ryder Cupean inork inoiz ez du irauli bost puntuko desabantaila txapelketako azken egunean, eta Ameriketako Estatu Batuetako taldea ez da hori aldatzeko gai izan Erromako (Italia) Marco Simone Golf and Country Club zelaian.
Jon Rahm: "Talde moduan ospatzea gogoangarrria da"
Ryder Cup irabaztea "izugarria" dela adierazi zuen Barrikako jokalariak sari-banaketaren ostean egindako adierazpenetan. Halaber, "Ryder Cup desberdina" izan dela ere azpimarratu zuen, taldeburu gisa ikusten zelako. "Oso oso harro nago", gaineratu zuen.
Era berean, Severiano Ballesteros golflaria ere gogoan izan zuen: "Seve da talde hau mugitzen duen indarra: ez dugu etsi, eta puntu guztiak ateratzen saiatu gara".