Itxi

Golfa

Jon Rahmek bederatzigarren egin du, eta Matthieu Pavon frantziarrak irabazi du Espainiako Irekia

Agentziak | EITB Media

Bizkaitarrak Pavon irabazleak baino 9 kolpe gehiago egin ditu, Lorenzo-Vera lapurtarrak bezala. Adrian Otaeguik, aldiz, 28. postuan amaitu du txapelketa, irabazleak baino 13 kolpe gehiago eginda.

Matthieu Pavon, Espainiako Irekiko irabazlea. Argazkia: Efe.

Matthieu Pavon frantziarrak irabazi du Espainiako Irekia, azken jardunaldi biribila eginda. Pavonek 64 kolpe behar izan ditu ibilbidea egiteko (7 kolpe parraz azpitik), eta orotara, lau jardunaldiak kontuan izanda, 261 kolpe egin ditu (-23). Jon Rahm iazko irabazleak ez du bere jokorik onena egin, eta sailkapeneko lehen tokietatik urrun geratu da.

Pavon (30 urte) munduko sailkapeneko 65. postuan iritsi zen Madrilera, Europako zirkuituan garaipenik lortu gabe. Lau egunen ostean, garaipen handi bat poltsikoratuta eta nazioarteko sailkapenean gora egiteko bultzada emango dioten puntuak lortuta alde egingo du Espainiako hiriburutik. Iaz bigarren egin zuen, Jon Rahmen atzetik.

Pavonek aurreko egunetan erakutsitako maila onari eutsi dio laugarren eta azken jardunaldian. Zazpi birdie egin ditu bere azken ibilbidean.  

Bigarren postua Marcel Siem munduko 194. jokalariak lortu du. Alemaniarrak 61 kolpe egin ditu azken egunean (10 kolpe parraz azpitik), Ross McGowan ingelesak 2021ean ezarritako marka berdinduta.

Jon Rahm, aldiz, ez da batere txukun ibili Madrilen jokatu den txapelketa honetan, eta ezin izan du laugarren aldiz irabazi. Barrikako jokalariak Seve Ballesterosen marka hori gainditzeko helburuarekin hasi zuen txapelketa. Rahmi erregulartasuna falta izan zaio, lehen hiru egunetan batez ere. Laugarrenean, berriz, hobeto aritu da.

Ibilbideko azken zuloa birdie batekin amaitu du, baina, hala ere, irabazleak baino 9 kolpe gehiago eginda itxi du bere parte-hartzea, bederatzigarren tokian.

Lorenzo-Vera eta Otaegui

Bizkaitarra bezala, Mike Lorenzo-Vera lapurtarrak ere bederatzigarren egin du, azken jardunaldian 69 kolpeko txartela entregatuta. Guztira, txapelketa osoan, 270 kolpe egin ditu.

Adrian Otaeguiri dagokionez, gipuzkoarra 28. postuan sailkatu da, azken jardunaldian 70 kolpe eginda, eta 274ko txartelarekin amaitu du txapelketa, irabazleak baino 13 kolpe gehiago.

Albisteak (3)