Eskubaloia
Super Amara Bera Berak Lydia Blanco fitxatu du
EITB MEDIA
Lydia Blanco talde donostiarraren errefortzu berria da, Melinda Louisen lesio larriaren ondoren. Blancok denboraldia amaitu arte jokatuko du Super Amara Bera Beran.
Lydia Blanco Aula Valladolideko ezker muturreko postuan aritu den jokalariak Super Amara Bera Beran jokatuko du denboraldia amaitu arte, bi taldeek kantabriarra fitxatzeko akordioa adostu ondoren.
Blancok 21 urte ditu, eta Santanderkoa da. Iragan denboraldian, Atlántico Pereda taldetik iritsi zen Valladolidera; izan ere, talde horrekin egin zuen debuta Guerreras Iberdrola Ligan 2020-2021 denboraldian.
Irailaren 28an Melinda Louisi ezker belauneko ebakuntza egin ondoren, Super Amara Bera Berak posizioa indartzea erabaki du, beste jokalari bat fitxatuta.
Iragan denboralditik, bestalde, Lyda Blancok Donostiako klubeko teknikarien arreta erakarri zuen, Valladolideko taldearekin harremanetan jarri baitzen aske uzteko karta kudeatzeko.
Negoziazioak zailak izan dira, baina akordioa asteburu honetan itxi dute. Ondorioz, Lydia Blancok atzo jokatu zuen bere azken partida Caja Rural Aula Valladolidekin, eta datorren astean Donostian azterketa medikoa pasatzea besterik ez da falta.
Super Amara Bera Berak ez du partidarik jokatu behar datorren asteburuan, zortzigarren jardunaldia aurreratu baitzuen (Gijonen jokatu zuen, eta Gipuzkoako taldea nagusitu zen); beraz, egun horiek baliatu ahalko ditu Blancok talde berrira egokitzeko.