Aizkolaritza
Iker Vicente, Euskal Herriko txapeldun
EITB MEDIA
Otsagabiarrak erraz irabazi du 2023ko Aizkolaritzako Euskal Herriko Txapelketa, eta bigarrenez jantzi du txapela maila gorenean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iker Vicentek irabazi du 2023ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa asteazken honetan, azaroaren 1ean, Nafarroa Arenako finalean nagusituta.
Vicentek 41 minutu eta 11 segundo behar izan ditu lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enborrak mozteko. Otsagabiko 26 urteko aizkolariak 4 minutu eta 47 segundo atera dizkio bigarren izan den Hodei Ezpeletari (45:58). Oier Kañamares izan da hirugarren; 50 minutu eta 33 segundo behar izan ditu lanak bukatzeko.
Lehen kanaerdikoan berdinduta hasi diren arren, ondoren Vicentek aurrea hartu du, eta ez du areriorik izan. Bigaren oinbikoan, 2 minutu eta 37 segundoko tartea atera dio Ezpeletari, eta 24 minututan hirugarren oinbikoa ere moztuta zuen. Hodei Ezpeleta hurbiletik jarraitzen saiatu da, baina apurka-apurka aldea handituz joan da, eta ez du zer eginik izan.
4, 5 eta 6. postuak
Julen Gabirondo izan da laugarren (55:25). Bosgarren postuan amaitu du Joxean Etxeberriak (57:18), eta seigarren, Xuban Kañamaresek (68:57). Xuban Kañamaresek azken unean hartu du parte finalean, Jokin Urretabizkaiak, lunbalgiak jota, kale egin ostean.
Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa
Mindegiari omenaldia
Finala hasi baino lehen, Mikel Mindegia aizkolariari omenaldi hunkigarria egin diote, nafarren ibilbide oparoa azpimarratzeko. Hamar aldiz irabazi zuen txapelketa nagusia Mindegiak. Gaur, txapel berezia jarri dio Igor Duñabeitia Herri Kirolen Federazioko presidenteak.