Eskubaloia
Bera Berak zazpi goleko desabantaila irauli beharko du Europa Ligako multzoen fasera sailkatzeko
EITB Media
Super Amara Bera Berak 39 eta 32 galdu du Solaren kontra jokatutako EHF Europa Ligako Q3 kanporaketako joaneko partida. Beraz, sailkapena lortzeko zazpi goleko desabantailari buelta eman beharko dio itzuliko neurketan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Super Amara Bera Berak 39-32ko emaitzarekin galdu du Solaren kontra, azaroaren 12an Norvegian jokatutako EHF Europa Ligako Q3 kanporaketako joaneko partida. Horrenbestez, multzoen fasera sailkatzeko zazpi goleko desabantaila irauli beharko du euskal taldeak itzulikoan. Donostian jokatuko da, azaroaren 19an, 12:00etan.
Norvegiako taldeak ondo ekin dio neurketari, eta azkar hartu du bi goleko errenta (2-0). Gero, Bera Beraren erantzuna etorri da, baina Sola beti egon da aurretik markagailuan hiru edo lau goleko abantailarekin. Hala, 15. minutuan, emaitza 10 eta 7koa zen. Lehen zatiko bigarren ordu laurdenean, ordea, etxekoak Gipuzkoako taldea baino hobeak izan dira, abantaila handitu dute eta norgehiagoka 19-13ko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan, indartsu kantxaratu da Super Amara Bera Bera, eta lehen minutuetan hiru golera murriztu du desabantaila (23-20, 39. minutuan). Nagusi izan da Bera Bera bigarren zatiaren hasieran, baina Sola garaiz esnatu da. Etxeko taldea Gipuzkoakoaren joko-maila ona eteteko gai izan da; erritmoa bizitu eta defentsako lana sendotuta, zuloa ireki du berriro markagailuan (27-20).
Amaierarako 15 minutu falta zirenean, Bera Berak maldan gora zuen norgehiagoka (29-24). Azken txanpan, desabantaila murriztea izan da euskal taldearen helburua, baina ez du bere helburua lortu.
Amaierako hamar minutuetan, etxeko taldea nagusi izan da, eta Solak garaipena bereganatu du, 39-32ko emaitzarekin.