Errugbia
Aviron Bayonnaisek Reale Arenan jokatuko du, martxoaren 31n, Toulon aurkari, TOP 14ko partida batean
EITB MEDIA
Frantziako errugbi Ligako 20. jardunaldiko neurketa izango da. Aurreikuspena da 35.000 zale baino gehiago izatea Anoetan. 21:05ean hasiko da, eta igandez jokatuko dute; biharamunean, Euskal Herri osoan da jaieguna, Pazko Astelehena baita.
Aviron Bayonnaisek Reale Arenan jokatuko du, martxoaren 31n, Toulon aurkari, TOP 14ko partida batean. Frantziako errugbi Ligako 20. jardunaldiko neurketa izango da hori. Norgehiagoka astelehenean aurkeztu dute, Gipuzkoako hiriburuan, eta aurreikuspena da egun horretan 35.000 zale baino gehiago izatea Anoetan. Norgehiagoka 21:05ean hasiko da, eta igandez jokatuko dute; biharamunean, Euskal Herri osoan da jaieguna, Pazko Astelehena baita.
Donostiako eta Baionako alkateek, hurrenez hurren Eneko Goiak eta Jean-Rene Etchegarayk, eta Realeko eta Aviron Bayonnaiseko presidenteek, Jokin Aperribayk eta Philippe Tayebek, aurkezpen horretan parte hartu dute. Ekitaldian, Goiak gogora ekarri du nola 2023ko martxoan, Aviron-Paue partidan, 38.646 zale Bildu ziren Reale Arenan. Ildo horretan bertan, Etchegarayk nabarmendu du garrantzitsua dela "urtean gutxienez neurketa bat jokatzea Donostian, mugaz bestaldeko lankidetzari eusteko".
Gainera, Jokin Aperribayk azpimarratu du Realak eta Avironek harreman ona dutela: "Koloreak eta bihotza partekatzen ditugu". Tayeb Avironeko presidentearen iritziz, martxoaren 31ko neurketa "partida bat baino gehiago da. Lehia handiko norgehiagoka da, talde handi baten aurka. Espero dezagun, oraingo honetan bai, Donostian bizi izango dugun errugbi festa garaipen batekin biribildu ahal izatea".
TOP 14 txapelketan jokatutako azken partidan, hilaren 3an, Avironek 46-26 galdu zuen Stade Toulousainen zelaian; Baionako taldea hamargarren postuan dabil, eta 28 puntu batu ditu 14 jardunalditan. Toulon, aldiz, bosgarren tokian da, 37 puntu dituela.