Itxi

Erretiroa hartuko du

Nerea Penak eskubaloia utziko du, 18 urteko ibilbide arrakastatsua izan eta gero

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jokalari iruindarrak, 34 urtekoa bera, bi aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, Vipers Kristiansand taldearekin. Azken urteotan, arazo fisikoak jasan ditu, baina, esan duenez, "oso zoriontsua izan naiz, nire kirol ibilbidean".

Nerea Pena, asteartean emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.

Nerea Penak eskubaloia utziko du, 18 urteko ibilbide arrakastatsua izan eta gero, asteartean iragarri duenez. Jokalari iruindarrak, 34 urtekoa bera, bi aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, Vipers Kristiansand taldearekin. Azken urteotan, arazo fisikoak jasan ditu, baina, esan duenez, "oso zoriontsua izan naiz, nire kirol ibilbidean".

Nafarroa Arenan emandako prentsaurreko batean, Penak ofizial egin du aurtengo urtarrilean hartutako erabakia: "Ez da erraza izan; ezin izan dut aukeratu noiz hartu erretiroa, ez behintzat nik irudikatuta nuen bezala. Une hau iristekoa zen, hori ezin zen aldatu", adierazi du Penak, hunkituta. Prentsa aretoan, senide eta lagun asko izan dira, haren aldamenean.

Loyolan hasi zen eskubaloian, eta bertan ikusi zuen "grina" zuela, kirol horrekiko. Gerora, Itxakon hasi zen, eta talde horrek "limurtu egin zuen"; Lizarran, lau Liga, hiru Kopa eta EHF Kopa bat irabazi zituen, eta Txapeldunen Ligako txapeldunorde izan zen.

Nafarroako taldean ez ezik, honako talde hauetan ere aritu da: Hungariako Ferencvarosen eta Siofoken, Danimarkako Esbjergen eta, Norvegian, aipatutako Vipersen. Jokalari internazional bezala, Espainiako selekzioarekin, brontzezko domina irabazi zuen 2011ko Munduko Txapelketan, Brasilen, eta zilarrezkoa 2014ko Europako Txapelketan (Hungarian eta Kroazian) eta 2019ko Munduko Txapelketan, Japonian.

"Oso zoriontsua izan naiz nire kirol ibilbidean. Zorionekoa sentitzen naiz, eman dizkidaten aukerengatik, izan naizen taldeengatik, Espainiako eskubaloiko belaunaldi onenaz gozatu ahal izateagatik, eta, bereziki, ezagutu ditudan pertsona miresgarri guztiengatik", esan du.