Igeriketa
Iñigo Llopisek eta Nahia Zudairek beste brontze bat eskuratu dute Madeirako Europako Txapelketan
EITB Media
Basque Teameko igerilariak podiumeko hirugarren tokira igo dira estiloetako 4x100 metroko proban.
Iñigo Llopisek eta Nahia Zudairek beste domina batekin itxi dute Madeiran ospatu den Europako Txapelketa, estiloetako 4x100 metroko proban brontzezkoa lortuta.
Europako Txapelketako azken jardunaldian, 4×100 metroko erreleboko proba mistoan aritu dira, Ariel Schrenck eta Sarai Gascon igerilariekin batera, eta brontzea eskuratu dute, 4:11.87ko denbora eginda. Italiak eta Frantziak baino ez dituzte gainditu.
Iñigo Llopisek lau domina irabazi ditu Europako Txapelketan: urrezko bat eta brontzezko hiru. Urrezkoa bizkar estiloko 100 metroko proban lortu zuen, brontzezko lehena tximeleta estiloko 100 metrokoan, eta azken biak errelebo-probetan, estiloetako 100 metroko lau erreleboko proban eta estilo libreko 100 metroko lau errelebokoan.
Nahia Zudairek, berriz, hiru domina lortu ditu kontinenteko txapelketan: zilarrezko bat eta brontzezko bi. Zilarrezkoa estilo libreko 400 metroko proban lortu zuen, lehen brontzea bular-estiloko 100 metrokoan, eta erreleboko brontzearekin itxi du bere parte-hartzea lehiaketan.