FINALAK
Mollarri eta Igeldo, txapeldun "Harri Herri" saioko bigarren ekitaldian
A. A. | EITB MEDIA
Lehendabizikoek lau altxaldiko aldea atera diete Ergobiako ordezkariei harri baldarrarekin; bigarrenek, ostera, hiru jasoaldiko tartearekin gailendu dituzte Albizuriko kideak.
Asteasuko Usarrabi pilotalekuak "Harri Herri" saioaren bigarren ekitaldiko finalak hartu ditu astelehen honetan. Emakumezko taldeetan, Mollarrik irabazi du Ergobiaren aurretik, eta, gizonezkoetan, ostera, Igeldo Albizuri baino gehiago izan da.
Lanari ekiten lehenak emakumezkoak izan dira. Ohi denez, lehendabiziko zeregina lau harri landurekin jardutea izan da (100 kiloko koadroa, 63 kiloko kubikoa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola Mollarri eta Ergobiaren kasuan), helburu argi batekin: zenbat eta altxaldi gehien egitea, harri baldarrarekin aritzeko ahalik eta denbora gehien batzeko asmoz. Lan horretarako 8 minutuko epea izan du talde bakoitzak.
Behin ariketei helduta, Izeta II.a buru duen Mollarrik hasi eta buka agindu du. Hala, besteak beste, Maddi Gesalagak jardun aparta egin du 100 kilokoarekin (8 jasoaldi), marka berria ezarrita. Bere aurkaria izan den Eider Durana, aldiz, 6 altxaldira iritsi da. Erakustaldia eman duen Mollarriko beste taldekidea Nerea Arruti izan da, 31 jasoaldi erdietsi baititu 50 kilo bolarekin. Harri berarekin ibili den Ergobiako Itxasne Apraizek 16 jasoaldirekin konformatu behar izan du.
Mollarriko ordezkariak euren txapelekin. Argazkia: EITBren bidoe batetik hartutako irudia
Beste bi norgehiagokak oso parekatuak gertatu dira. Izan ere, altxaldi bateko aldea baino ez da egon Ainitze Zumetaren eta Karmele Gisasolaren artean (lehenaren alde) 63 kilo kubikoarekin. Garazi Ansa eta Sara Jimenezek, berriz, erabateko orekan amaitu dute 63 kiloko zilindroarekin (12 jasoaldi).
Ondorioz, Gesalagaren eta Arrutiren indar eta teknika erakustaldiei esker, 1:10eko abantailarekin egin dio aurre harri baldarraren erronkari Mollarrik (5:59) Ergobiarekiko (4:49), eta ederto baliatu du garaipena eskuratzeko.
Izeta II.ak Maddi Gesalaga eta Ainitze Zumeta aukeratu ditu zeregin horretarako. Jose Antonio Gisasola "Zelai"k, bere aldetik, Eider Durana eta Karmele Gisasolaren aldeko hautua egin du, eta lan ona burutu badute ere, ez da nahikoa izan zuten denbora atzerapenari buelta emateko. Azkenerako, Mollarriko ordezkariek lau jasoaldiko aldearekin (32 eta 28, hurrenez hurren) irabazi dute.
EMAKUMEZKOEN FINALA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
MOLLARRI | 8 | 18 | 12 | 31 | 4:59 (+1:00) |
ERGOBIA | 6 | 17 | 12 | 16 | 3:49 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
MOLLARRI | 32 | ||||
ERGOBIA | 28 |
Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).
Gizonezkoentzat harriak bestelakoak izan dira: 200 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola. Igeldoko Aimar Galarragari egokitu zaio hasierako lanei heltzea, eta 5 aldiz berdindu du bere sorbaldaren gainean 200 kilokoa. Albizuriren partetik, Gari Garmendia saiatu da erantzuna ematen, baina bat gutxiago igo ahal izan du. 125eko kubikoarekin Hodei Iruretagoiena (Igeldo) eta Beñat Telleria (Albizuri) izan dira aurrez aurre, eta oraingoan albizuritarren ordezkaria nagusitu da jasoaldi bategatik (13 eta 14, hurrenez hurren).
Jarraian, saioko beste une kitzikagarri bat iritsi da; Mikel Lopetegi "Urra"k marka berria ezarri baitu zilindro zaharrarekin, 25 jasoaldi gauzatuta. Iraitz Arruti 16 egiteko gai izan da, eta hortxe lortu du Igeldok bere aldeko denbora-altxorrik handiena. Laugarren eta azken buruz burukoan, Ander Larruzea eta Inhar Urruzunok neurtu dituzte indarrak, eta azken hori atera da garaile altxaldi bateko aldearekin (14 eta 15).
Horrenbestez, Igeldok, Mikel Lopetegi "Urra" eta Aimar Galarraga lanerako zeudela, 5:02ko denbora tartearekin egin dio aurre harri baldarrari, Albizurik baino 39 segundo gehiagorekin (4:23), alegia. Gari Garmendia eta Beñat Telleria izan dira Albizuriko ordezkariak azken zereginean, eta 19 aldiz jaso dute harri baldarra, baina ez da nahikoa izan Igeldo azpiratzeko, Urrak eta Galarragak 22ra heltzeko ahalmena izan baitute.
GIZONEZKOEN FINALA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
IGELDO | 5 | 13 | 25 | 14 | 4:02 (+1:00) |
ALBIZURI | 4 | 14 | 16 | 15 | 3:23 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
IGELDO | 22 | ||||
ALBIZURI | 19 |
Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).