Itxi

Mendizaletasuna

Kami Rita himalaista nepaldarrak 30. aldiz igo du Everest mendia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sherpak hogeita bederatzigarren aldiz igotzea lortu zuen munduko mendi garaiena (8.849 metro) joan den maiatzaren 12an. Udaberriko denboraldi hasieran adierazi zuen bi aldiz jarraian igotzeko asmoa zuela.

Kami Rita Sherpak 30. aldiz lortu du Everest igotzea. EFE

Kami Rita Sherpa himalaista nepaldarrak Everest mendia 30. aldiz igotzea lortu zuen asteazkenean, denboraldi honetan bigarren aldiz jarraian. Hala, planetako mendirik garaiena 30 aldiz igotzea lortzen duen lehen pertsona da munduan, gaur gaurkoz.

Sherpa 07:49ean iritsi zen gailurrera (2:04 GMT), Khim Lal Gautam Everesteko behe kanpamenduko funtzionarioak zehaztutakoaren arabera.

Hogeita bederatzigarren aldiz igotzea lortu zuen munduko mendi garaiena (8.849 metro) joan den maiatzaren 12an. Udaberriko denboraldi hasieran adierazi zuen bi aldiz jarraian igotzeko asmoa zuela.

1992an abiatu zuen gaur arte egindako ibilbidea Kami Rita Sherpak, Everestera antolatutako espedizio bateko laguntzaile gisa. Gaur egun, munduko mendi garaienera igoera gehien egin dituen mendizalea da; Pasang Dawa nepaldarra du atzetik (27 aldiz).

Orduz gero, ia urtero heldu da Everest gainera, baita bi aldiz ere denboraldi batzuetan: aurten, adibidez.

Horrez gain, honako mendi hauetara ere igo da: Cho Oyura (8.201 metro) zortzi aldiz, hiru aldiz Manaslura (8.163 metro), eta behin K2ra (8.611 metro) eta Lhotsera (8.516 metro).

Nepaleko Gobernuak Everestera igotzeko 419 baimen bideratu ditu aurten, iaz baino (479) 60 gutxiago. Kezka hedatu da azken urteotan mendizale kopuru masifikatuagatik, ingurumenean izan dezakeen eragina dela eta.