Lehen kanporaketa
Rafa Nadal Roland Garros txapelketatik kanpo geratu da, Zverevekin hiru setetan galduta
Agentziak | EITB MEDIA
Balearretako tenislariak ezin izan du munduko laugarren tenislaria gainditu, eta 6-3, 7-6(5) eta 6-3ko emaitzarekin joan da etxera.
Rafa Nadalek agur esan dio 2024. urteko Roland Garros txapelketari, denboraldiko bigarren txapelketa handiari, Alexander Zverev alemaniarraren aurkako kanporaketa zaila ezin gaindituta. Zverev hiru setetan nagusitu da, 6-3, 7-6(5) eta 6-3, hiru ordu luze iraun dituen partidan.
Nadalek 14 aldiz irabazi du Frantziako txapelketa handia, eta gaur ere maila ona eman du, Philippe-Chatrier kantxan. Litekeena da, gainera, gaurkoa bertan jokatu duen azken partida izatea, eta ikusleak alde izan ditu. Baina aurrean Zvedev izan du, Hanburgokoa munduko laugarren tenislaria da egun, eta joko oso ona erakutsi du.
Zvedev Erromako Master 1.000 irabaztetik dator eta aise gailendu da lehen setean. Hala ere, hortik aurrera, Nadalek asko hobetu du eta gauzak parean jarri dira. Hala ere, ez ditu aprobetxatu bigarren eta hirugarren setean bere alde izandako abantailak, batez ere bigarren seta bereganatzeko sakea alde izan duenean.