Eskubaloia
Bidasoa Irunek galdu egin du Bartzelonaren kontra, eta Errege Kopako finaletik kanpo gelditu da
EITB Media
Gipuzkoako taldeak 28-32 galdu du Kataluniakoaren aurka Errege Kopako finalerdietako partida, Jacobo Cuetararen taldeak bigarren zati oso ona jokatu arren.
Bidasoa Irunek ez du Errege Kopako finala jokatuko, Bartzelonaren kontra 28-32 galdu baitu. Bidasoa finalerdietara sailkatu zen atzo Energy Caserio Ciudad Real 43-28 mendean hartuta.
Finalerdia berdinduta joan da norgehiagokako lehen minutuetan, eta bi taldeek izan dituzte aukerak, nahiz eta Kataluniako taldeak apur bat gehiago menderatu, baina Bartzelonak martxan jarri du erasoko makina, eta Carlos Ortegak zuzentzen duen taldea sei goleko aldearekin aurreratu da markagailuan (3-9) 10. minutuan. Partziala 3-3tik 4-11ra pasatu da, eta partida hausten hasi da.
Bazirudien Gipuzkoako taldeak besoak pixka bat jaitsita zituela, eta goizegi zen. Minutuek aurrera egin ahala, partzialak gora egin du lehen zatiaren lehen erdian: 5-14.
Bartzelonak behin eta berriz zigortu du aurkaria, eta atsedenaldirako 8 minuturen faltan markagailu elektronikoak alde argia erakusten zuen: 9-18. Kataluniako taldearen defentsa oso sendo ari zen, aurrea hartuta, eta erasoan ere ondo ibili da, aurrean duen potentzial ikaragarria baliatuta.
Minutuak igaro ahala, Bidasoa Irunek hobera egin du bere jokoan, eta erasoko hainbat ekintzaren ondorioz, Kataluniako taldearen aldeko 7 goleko errentarekin (13-20) iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, Bidasoak sentsazio hobeak izan ditu, eta errenta 5 golera murriztu du 35. minutuan. Jacoboren taldeak asko hobetu du defentsa, eta asko zaildu du Bartzelonaren erasoa. Sentsazioak aldatu egin dira, eta Bidasoak baloiak berreskuratzea eta erasoa areagotzea lortu du. Bigarren zatiko 40. minutuan, errenta hiru golekoa zen (20-23).
Janc jokalariak txartel gorria ikusi du, eta Carlos Ortegaren taldea, jokalari bat gutxiagorekin, bi goleko errentarekin iritsi da 52. minutura (25-27). Partida estu jarri da, eta Gonzalo atezainaren esku-hartzea eta Dika Menen jokaldiak oso garrantzitsuak izan dira Bidasoaren ilusioak lurperatzeko.
Azkenean, 28-32ko emaitzarekin iritsi dira partidaren amaierara. Horrela, Irungo taldea Errege Kopako finaletik kanpo geratu da, bigarren zati bikaina egin arren.
Fitxa teknikoa:
28 - Bidasoa Irun (13+15): Herbaoui Mehdi, Jakub Jacek, Cavero (4), Jevtic, Tao Gey (3), Eneko Furundarena (1), Esteban Salinas (1), Rodrigo Salinas (1), Julen Mugica (2), Asier Iribar, Matheus Da Silva, Gorka Nieto (3), Dariel Garcia (4), Pedro Pacheco (4), Asier Nieto (5) eta Alberto Diaz.
32 - Barça (20+12): Emil Nielsen, Gonzalo Perez de Vargas, Jonathan Carlsbogard (4), Dika Mem (7), Hampus Wanne (2), Blaz Janc (2), Timothey N'Guessan (3), Aleix Gómez (6), Thiagus Petrus, Djordje Cikusa, Domen Makuc, Haniel Langaro, Melvyn Richardson (5), Ian Barrufet, Petar Cikusa eta Javier Rodriguez (3)
Epaileak: Yon Bustamante eta Javier Alvarez. Pedro Pacheco kaleratu dute. Txartel gorria atera diote Blaz Janc Bartzelona taldeko jokalariari (44. min).
Markagailua, bost minutuan behin: 3-5, 4-11, 5-14, 7-16, 9-18, 13-20 (atsedenaldia), 16-21, 19-22, 20-24, 21-25, 23-27, 25-29 eta 28-32 (amaiera).