Eskubaloia
Bidasoa Irunek badaki nortzuk izango diren bere aurkariak European League txapelketan
EITB Media
Bidasoa Irun D multzoan lehiatuko da, eta ondoko taldeak izango ditu aurkari: CSM Constanta, KGHM Chrobry Glogow eta Maritimo da Madeira Andebol SAD eta Ystads IF HF taldeen arteko kanporaketako irabazlea.
Gaur goizean egin dute Europako Eskubaloi Federazioko European League txapelketako multzoen faseko zozketa, eta Bidasoa Iruni D multzoan lehiatzea egokitu zaio, CSM Constanta (Errumania), KGHM Chrobry Glogow (Polonia) eta Maritimo da Madeira Andebol SAD (Portugal) eta Ystads IF HF (Suedia) taldeen arteko kanporaketako irabazlearekin batera. Aipatu kanporaketa abuztuko azken asteburuan eta iraileko lehen asteburuan jokatuko dute.
Multzoen fasea urriaren 8an hasi eta azaroaren 26an amaituko da. Guztira, sei norgehiagoka jokatuko dituzte: hiru Artelekun eta beste horrenbeste Irundik urrun.
Denera, 32 talde arituko dira European League txapelketan, zortzi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko bi onenek beste multzo bateko bi onenen aurka jokatuko dute, Main Round fasean. Bigarren fase hori gaindituz gero, Bidasoa Irun final-laurdenetan izango da.