Olinpiar Jokoak
Rafa Vilallongak eta Chefo Basterrak brontzezko domina irabazteko partida jokatuko dute, ostegunean
EITB MEDIA
Bi euskal jokalariak Espainiako selekzioan dabiltza; asteartean, belar-hockeyko txapelketako lehenengo finalerdian, Herbehereek Espainia hartu dute mendean, 4-0. Hortaz, Vilallongak eta Basterrak brontzezko domina izango dute helburu, Indiaren aurka.
Rafa Vilallongak eta Chefo Basterrak brontzezko domina irabazteko partida jokatuko dute, ostegunean, hilaren 8an, 14:00etatik aurrera, Parisen jokatzen ari diren 2024ko Olinpiar Jokoetako belar-hockeyko txapelketan; izan ere, bi euskal jokalariak Espainiako selekzioan dabiltza, eta asteartean, lehenengo finalerdian, Herbehereek Espainia hartu dute mendean, 4-0. Hortaz, Vilallongak eta Basterrak brontzezko domina izango dute helburu, Indiaren aurka.
Asteartean, Herbehereetako selekzioa Espainiakoa baino hobeto ibili da. Multzo fasean, bi talde horiek elkarren aurka aritu ziren, eta Herbehereek 5-3 irabazi zuten; Basterraren eta Vilallongaren taldeak, baina, partida ona egin zuen, eta final laurdenetan baieztatu egin zuen sasoi puntu onean dabilela, Belgika menderatu baitzuen. Belgikak, aurreko Olinpiar Jokoetan, urrezko domina eskuratu zuen.
Finalerdian, Herbehereak hamabigarren minutuan aurreratu dira markagailuan, Janssenen bidez, eta horrek aldatu egin du partidaren norabidea, Espainiaren hasiera sendoa izan baita. Bigarren laurdenean, Brinkmanek 2-0ekoa sartu du, eta Van Damek eta Tengelkampek egin dituzte azken bi golak, 32. eta 50. minutuetan.
Hortaz, Rafa Vilallongak eta Chefo Basterrak osteguneko partida erabakigarria dute jomugan, olinpiar domina irabazteko ametsa gauzatzeko helburua dutela.
Fitxa teknikoa
Herbehereak: Blaak (atezaina); Janssen, Balk, De Geus, Van Dam, Brinkman, Van Ass, Croon, Blok, Wortelboer, Hoedemakers -hasierako taldea-, De Vilder, Bijen, De Mol, Telgenkamp eta Middendorp.
Espainia: Calzado (atezaina); Alonso, Bonastre, Gispert, Cunill, Basterra, Clapes, Reyne, Miralles, Menini, Rodríguez -hasierako taldea-, Villalonga, Recasens, Vizcaíno, Lacalle eta De Ignacio-Simo.
Golak: 1-0, 12. min: Janssen; 2-0, 20. min: Brinkman; 3-0, 32. min: Van Dam; 4-0, 50. min: Tengelkamp.
Epaileak: Benjamin Goentgen (Alemania) eta Martin Madden (Erresuma Batua).
Estadioa: Yves-du-Manoir.