Itxi

ESKUBALOIA

Espainia Egiptori gailendu zaio, eta finalerdiak jokatuko ditu (29-28)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kauldi Odriozola eta Imanol Garciandia gipuzkoarrak eta Sergey Hernandez nafarra, ordezko atezain gisa aritzen dena, dominen lehian arituko dira.

Kauldi Odriozola (erdialdean) taldekide batekin besarkatzen. Argazkia: EFE

Espainiako eskubaloi selekzioak finalerdietarako txartela lortu du Egipto kanporatuta (29-28), luzapena behar izan duen partida batean; izan ere, arauzko denboraren amaieran 25 eta 25eko emaitzarekin heldu dira bi taldeak.

Kauldi Odriozola (Zumaia) eta Imanol Garciandia (Urretxu) gipuzkoarrek partidan jokatzeko aukera izan dute. Hala, lehenak bi gol lortu ditu beste hainbeste kontraerasotan. Urretxuarrak, berriz, ez du asmatu bere bi jaurtiketetan.

Espainia lau gol azpitik iritsi da atsedenaldira (8-12), atezainek protagonismo nabarmena izan duten lehen zatiaren ostean. Bigarren zatian, Jordi Riberak zuzentzen duen taldeak desabantaila murriztea lortu du bi minuturen faltan (24-24) eta partida luzapenera joan da 25-25ekoarekin.

Hamar minutu gehigarrietan, Espainiako selekzioa aurkaria baino sendoago agertu da, ematen baitzuen egiptiarrak arauzko denboran zehar garaipena nola ihes egin dien pentsatzen ari zirela. Horrela, Riberaren taldea aurretik sartu da norgehiagokako azken txanpara Aleix Gomezek penaltiz sartutako golari dela medio (29-28), eta errenta hori defendatzeko gai izan da, Gonzalo Perez de Vargas atezainak azken unean egindako geldiketa bati esker. Finalerdian, Espainiak Alemania izango du aurkari.

Fitxa teknikoa:

29 - Espainia: Pérez de Vargas; Odriozola (2), Garciandia (-), Javi Rodríguez (1), Sánchez-Migallón (-), Dani Dujshebaev (1) y Dani Fernández (2) -hasierako taldea- Corrales (ordezko atezaina), Maqueda (-), Alex Dujshebaev (3), Serdio (1), Casado (4), Aleix Gómez (9, 3 penaltiz) eta Tarrafeta (6).

28 - Egipto: Aly; Sanad (3), Omar (-), Yehia Elderaa (7), Zein (2,1p), Elwakil (1) y Adel (3) -hasierako taldea - Hendawy (ordezko atezaina), Abdou (-), Hesham (5), Tarek (-), Elmasry (-), Sef Elderaa (7, 2 penaltiz) eta Abdelhak (-).

Emaitza bost minututik behin: 0-0, 2-3, 5-4, 6-8, 7-8 y 8-12 (Atsedenaldia);10-13, 14-17, 16-19, 18-21, 22-23 y 25-25 (Amaiera); 27-26 (Luzapenaren atsedenaldia) 29-28 (Luzapenaren amaiera).

Albisteak (3)

Bideoak (1)