Olinpiar Jokoak
Basterrak eta Vilallongak ezin izan dute irabazi Indiaren aurka, Espainiarekin, eta ez dute brontzea lortu
EITB MEDIA
Parisen jokatzen ari diren 2024ko Olinpiar Jokoetako hirugarren postua eskuratzeko partidan, ostegunean, Indiak 2-1 hartu du mendean Espainia; horrenbestez, Espainiako belar hockeyko selekzioan dabiltzan bi euskal jokalariek laugarren postua erdietsi dute, azkenean, Joko hauetan.
Chefo Basterrak eta Rafa Vilallongak ezin izan dute, Espainiako selekzioarekin, Indiaren aurka irabazi, ostegunean, Parisen egiten ari diren 2024ko Olinpiar Jokoetako hirugarren postua erdiesteko partidan, belar hockeyko txapelketan, eta, ondorioz, ezin izan dute brontzezko domina eskuratu, Jokoetan. Hirugarren tokia harrapatzeko norgehiagokan, Indiak 2-1 hartu du mendean Espainia, eta, horrenbestez, Espainiako selekzioan dabiltzan bi euskal jokalariek laugarren postua erdietsi dute, azkenean.
Harmanpreet Singhek, 30. eta 33. minutuetan, Indiaren bi golak sartu ditu, eta Marc Mirallesek, 18.ean, Espainiarena. Mirallesek penalti stroke bat baliatuta jarri du aurretik Espainia, eta Singhek, aldiz, bi penalti kornerretan lortu du emaitza iraultzea.
Vilallongaren eta Basterraren taldea amaierara arte lehiatu da berdinketa sartu eta luzapena behartzeko; izan ere, guztira, Espainiak zazpi penalti korner izan ditu alde. Indiak, baina, aldeari eutsi dio, eta, azken finean, brontzezko domina eskuratu du.
Rafa Vilallongak, bere taldeekin batera, laugarren postua eskuratu du, Parisen. Argazkia: EFE.
Fitxa teknikoa
2 - India: Parattu Raveendran; Sanjay, Singh Harmanpreet, Sumit, Rohidas; Singh Manpreet, Singh Hardik; Singh Shamsher, Abhishek, Singh Mandeep, Singh Sukhjeet -hasierako taldea- Sing J, Sing G, Upadhyay, Pal, Prasad.
1 - Espainia: Luis Calzado; Alonso, Bonastre, Xispert, Rodríguez; Cunill, Clapés, Miralles, Menini; Reyne, Basterra -hasierako taldea- Vilallonga, Recasens, Vizcaino, De Ignacio-Simo, Lacalle.
Golak: 0-1: Marc Miralles, 18. min. 1-1: Sing Harmanpreet, 30. min. 2-1: Sing Harmanpreet, 33. min.