Olinpiar Jokoak
Odriozolak, Garciandiak eta Hernandezek brontzezko domina lortu dute eskubaloian Espainiako selekzioarekin
EITB Media
Espainiak 23-22ko emaitzarekin menderatu du Eslovenia hirugarren eta laugarren posturako lehian, eta Espainiako selekzioak brontzezko domina bereganatu du.
Kauldi Odriozola, Imanol Garciandia eta Sergey Hernandez eskubaloi jokalariek brontzezko domina irabazi dute Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan, hirugarren eta laugarren posturako lehian Eslovenia 23-22ko emaitzarekin menderatuta.
Norgehiagoka oso parekatua izan da hasieratik amaieraraino. Lehen zatian, Espainiak bi goleko abantaila erdietsi du, eta horixe izan da lehen ordu erdiko errenta handiena. Hala ere, Esloveniak partida berdintzea lortu du atsedenaldira iritsi aurretik (12-12).
Atsedenaldiaren ostean ere, parekotasuna izan da nagusi. Espainiako selekzioa ibili da aurretik markagailuan ia bigarren zati osoan, baina amaierarako hamar minutu falta zirenean Esloveniak hartu du aurrea markagailuan (19-20). Gero, berdinketa ugari izan dira. Espainiak gol bateko errentarekin ekin dio azken minutuari. Azken baloi-jabetza Esloveniak izan du, baina ez du asmatu, eta Espainiako selekzioak irabazi du neurketa (23-22).
Fitxa teknikoa:
23 - Espainia: Perez de Vargas; Odriozola (2), Garciandia (-), Javi Rodriguez (-), Sanchez-Migallon (2), Casado (4) eta Dani Fernandez (2) -hasierako taldea-; Corrales (oa), Maqueda (2), Alex Dujshebaev (2), Serdio (3), Aleix Gomez (5, 3p), Tarrafeta (-) eta Dani Dujshebaev (1).
22 - Eslovenia: Ferlin; Janc (5), Dolenec (6p), Bombac (2), Mackovsek (2), Kodrin (3) eta Horzen (-) -hasierako taldea-; Lesjak (oa), Blagotinsek (-), Jovicic (-), Gabor (-), Zarabec (-), Novak (1) eta Vlah (3).
Emaitza bost minutuan behin: 2-2, 3-3, 4-6, 6-6, 10-8 eta 12-12 (atsedenaldia); 14-12, 15-15, 17-17, 19-18, 21-20 eta 23-22 (amaiera).
Epaileak: Hansen eta Madsen (DAN). Alex Dujshebaev eta Sanchez-Migallon Espainiako selekzioko jokalariak kanporatu dituzte, baita Mackovsek (2) eta Gaber Esloveniako jokalariak ere.