PARIS 2024 | WATERPOLOA
Alberto Munarrizek seigarren postuan amaitu du, Espainiako selekzioak Greziarekin galduta
Agentziak | EITB Media
Espainiako eta Greziako selekzioak domina lortzeko helburuarekin joan ziren Parisera, baina bosgarren postua lehiatzen amaitu dute, eta, ondorioz, tentsiorik gabeko partida eskasa jokatu dute Olinpiar Jokoetako azken egunean.
Espainiako selekzioak 15-13 galdu du gaur goizean Greziaren aurka, eta, horrenbestez, Alberto Munarriz nafarrak seigarren tokian amaitu du Olinpiar Jokoetan izan duen parte-hartzea.
Bi selekzioak domina lortzeko asmoarekin joan ziren Parisera, baina, azkenean, bosgarren tokia lehiatzen bukatu dute, eta horrek eragina izan du partidan; izan ere, norgehiagoka eskasa izan da, tentsiorik gabekoa, bi taldeek maila baxua erakutsi baitute.
Espainia eta Grezia final-laurdenetan erori ziren, Kroazia eta Serbiaren aurka galduta, hurrenez hurren.
Gaurko partidari dagokionez, lehen laurdena bina amaitu dute, eta bigarren eta hirugarren zatietan, berriz, Espainiako selekzioak oso gaizki egin du defentsako lana, eta atzetik joan da markagailuan une oro. Hortxe galdu ditu bosgarren postua eskuratzeko zituen aukera guztiak.