Itxi

Golfa

Rahm bigarren izan da LIV Golf Greenbrier txapelketan, Koepkaren aurka berdinketa hausteko lehia galdu ostean

EITB Media

Leer en Castellano

Jon Rahmek bigarren postuan amaitu du New Yorken jokatutako txapelketa. Brooks Koepkarekin berdinduta amaitu ondoren, garaipena eskuratzeko play-offean estatubatuarra euskalduna baino hobea izan da, eta txapelketa irabazi du. Hala ere, Rahm LIV Golfeko sailkapen nagusiko lehen postuan jarri da.

Jon Rahmen artxiboko irudia, LIV UK txapelketan. Argazkia: EFE

Jon Rahmek bigarren amaitu du LIV Golf Greenbrier txapelketa, garaipena bereganatzeko lehian Brooks Koepkaren aurka porrot eginda. New Yorken (AEB) jokatu da txapelketa.

Rahm lidertzan iritsi da azken jardunaldira. Hirugarren egunean -5eko txartela lortu du; Koepkak, aldiz, -7koa, eta berdinduta bukatu dute (19-19). Ondorioz, berdinketa hausteko lehia jokatu behar izan dute. Txapelketa irabazteko play-offean, euskalduna Koepkarekin berriz berdintzetik gertu egon da, baina Rahmen putta zulora sartzetik milimetrora geratu da.

Hala ere, Greenbierren erdietsitako bigarren postuarekin Jon Rahm LIV Golfeko sailkapen nagusiko buruan jarri da, 2024 denboraldia amaitzeko txapelketa bakarraren faltan. LIV Chicago txapelketak itxiko du sasoia, irailaren 13tik 15era artean.

Rahmek 195,17 puntu ditu eta Joaquin Niemann txiletarrak 192,20. Rahm eta Niemann dira garaipena bereganatzeko aukerak dituzten bakarrak, hirugarren postuan dagoen Tyrrell Hatton britainiarrak (143,49 puntu) ezin baititu gainditu.

Albisteak (3)