PARALINPIAR JOKOAK
Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia abuztuaren 31n, larunbata
EITB MEDIA
Euskal ordezkariek honako kirol hauetan parte hartu dute larunbat honetan: igeriketa, arrauna eta boccia.
IGERIKETA
Iñigo Llopis gipuzkoarrak 100 metro bizkarreko paralinpiar txapelketa irabazi du larunbat honetan Parisen, elbarri fisikoen S8 mailan, eta podiumera igo da berriro, duela hiru urte Tokion zilarrezko domina jaso zuenean bezala.
Mikel Erdozain bizkaitarrak, berriz, 50 metro bizkarreko sailkapen proba lehiatu du. 1:43ko denborarekin, bere multzoko bosgarren postuan geratu da eta ez du finalerako txartela lortu.#Paris2024 Mikel Erdozain gaztea S2 klaseko bizkar erako 50 metroko sailkapenean lehiatu da goizean. Finalerako txartela lortu ez duen arren, Defense Arenako harmailak bete dituen zalegoaren txalo zaparrada jaso du beste behin. Zorionak egindako laganatik, Mikel! pic.twitter.com/nA6G9tvb2w
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 31, 2024
Ivan Salguero igerilari nafarrak debuta egin du 400 metro libreko finalera sailkatuta. Salguero parte hartzaileen artean 7. marka onenarekin sartu da finalera, 4:19ko markarekin.
Finalean ere zazpigarren geratu da, podiumetik oso urrun, 4:19.92ko denborarekin. Podiuma Ihar Boki (urrea) eta Alex Portal (zilarra) eta Kylian Portal (brontzea) frantziarrek osatu dute.
Ivan Salguero. Argazkia: EFE
ARRAUNA
Atzoko porrotaren ostean, Perle Bougek irabazi du bigarren aukerako estropada, binakako scull mistoan. Baionan bizi den arraunlariak A finalerako txartela lortu du 8:29.61eko denborarekin.
Perle Bouge. Argazkia: Basque Team
BOCCIA
Amagoia Arrieta bocciako jokalariak ezin izan du final-laurdenetarako txartela lortu B1 modalitatean. Debatarrak, Aurelie Aubert frantziarraren aurka galdu ondoren, porrot gogorra jaso du Yee Tan Singapurreko jokalariaren eskutik, 1-5eko emaitzarekin.
#Paris2024 Azkenean Amagoia Arrieta boccia jokalariak ezin izan du final-laurdenetarako txartela lortu B1 klasean. Atzo Aurelie Aubert frantziarraren aurka galdu ostean, porrot gogorra jaso du gaur, 1-5, Singapurreko Yee Tan jokalariaren kontra. pic.twitter.com/gGiVi5gra9
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 31, 2024