Itxi

Joko Paralinpikoak

Zudairek eta Llopisek, 400 metro libreetan, eta Salguerok, 100 metro libreetan, diploma irabazi dute

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Usurbildarra zazpigarren sailkatu da, eta donostiarrak eta iruindarrak zortzigarren postuan amaitu dituzte finalak, asteazken arratsaldean.

Ivan Salguero, aurreko beste final batean. Argazkia: EFE.

Nahia Zudaire, Ivan Salguero eta Iñigo Llopis igerilariek diploma lortu dute, asteazkenean, Parisen jokatzen ari diren 2024ko Joko Paralinpikoetan. Arratsaldean izandako finaletan, Zudaire zazpigarren sailkatu da 400 metro libreetan, S8an, Salguerok zortzigarren postua eskuratu du 100 metro libreetan, S12an, eta Llopis zortzigarren izan da 400 metro libreetan, S8an.

400 metro libreetan, S8an, emakumezkoen proban, Basque Teameko Nahia Zudairek zazpigarren postua bereganatu du. Usurbildarrak 5:05.46 egin du, hau da, Jessica Long estatubatuarrak baino 16 segundo eta 72 ehunen gehiago; Longek irabazi du urrezko domina. Alice Tai britainiarrak lortu du zilarrezko domina, eta brontzezko domina Xenia Francesca Palazzo italiarrak irabazi du.

100 metro libreetan, S12an, gizonezkoen proban, Ivan Salguero iruindarra, 54 segundo eta 65 ehuneneko denbora eginda, zortzigarren sailkatu da. Yaroslav Denysenko ukrainarrak bereganatu du urrezko domina, Maksym Veraska ukrainarrak zilarrezkoa, eta Raman Salej azerbaijandarrak eskuratu du brontzea.

400 metro libreetan, S8an, gizonezkoen proban, Basque Teameko Iñigo Llopis zortzigarren sailkatu da, finalean postu hori bera erdietsita, 4 minutu, 37 segundo eta 29 ehuneneko eginda. Alberto Modeo italiarrak irabazi du urrezko domina, donostiarrak baino 14 segundo eta 6 ehunen gutxiago baliatuta, Reid Maxwell kanadiarrak egin du bigarren, eta Andrei Nikolaevek erdietsi du brontzezko domina.

Albisteak (2)