Itxi

PARALINPIAR JOKOAK

Honelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia Parisko 2024ko Joko Paralinpikoetan irailaren 5ean, osteguna

EITB Media

Leer en Castellano

Euskal kirolariek diziplina hauexetan hartuko dute parte ostegun honetan: igeriketa, arku-tiraketa eta gurpil-aulkiko saskibaloia.

Guillaume Toucoulletek ezin izan du aurrera egin. Argazkia: EFE.

IGERIKETA:

Nahia Zudaire Basque Teameko igerilariak laugarren postua lortu du 100 metro bular-estiloko finalean, eta, horrenbestez, beste diploma bat eskuratu du. Parisko Joko Paralinpikoetan, orain erdietsitako postuaz gain, Zudaire zazpigarren sailkatu da 400 metro libreetan, zortzigarren estiloetako 200 metroetan, eta seigarren 4x50 metroko errelebo mistoan, estilo librean.

Bestalde, Ivan Salguerok ez ditu finalerdiak gainditu SB13 kategoriako 100 metroko bular-estiloko proban. Seigarren izan da finalerdietako bigarren seriean, 1:12.43ko markarekin, eta ez da zortzi onenen artean sailkatu.

Nahia Zudaireren artxiboko irudia. Argazkia: Basque Team

ARKU-TIRAKETA:

Guillaume Toucoullet Iparraldeko kirolaria kanporatua izan da arku errekurbatuko talde mistoko probako final-zortzirenetan. Frantziako taldean Aziza Benhami izan du bikotekide, eta galdu egin dute Poloniaren aurka (6-0). Beraz, dominak lortzeko aukera gabe geratu dira.

Guillaume Toucoulleten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

GURPIL-AULKIKO SASKIBALOIA:

Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte, Naiara Rodriguez eta Bea Zudaire euskal jokalariak bosgarren zein seigarren postua lortzeko aukerarik gabe geratu dira, Espainiako selekzioarekin jokatutako Alemaniaren kontrako partida 51-45 galdu baitute. Beraz, zazpigarren eta zortzigarren postuetarako neurketan lehiatuko dira.

Albisteak (3)