Itxi

Eskubaloia

Bera Berak Iberiar Superkopako titulua nahi du irabazi berriro, asteburuan, Portugalen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2023an bezala, Espainiako eta Portugalgo onenek hartuko dute parte. Finalerdietan, Bera Berak Madeira izango du aurkari, larunbatean, 16:00etan (Euskal Herriko ordua), eta EITBk zuzenean emango du; Gipuzkoako taldeak igandeko finala jokatuko balu, hori ere emango luke EITBk.

Bera Berak beste titulu bat nahi du, denboraldiaren hasieran. Irudia: EITB Media.

Super Amara Bera Berak, asteburuan, irailaren 7an eta 8an, 2024ko Iberiar Superkopa jokatuko du, Portugalgo Maia hirian; Imanol Alvarezen taldearen helburua izango da berriro lortzea 2023an lortu zuten titulua. Duela urtebete ere gertatu zenez, eta historian bigarrenez, Iberiar Superkopan Espainiako eta Portugalgo talderik onenek hartuko dute parte. Bera Berak, Ligako eta Kopako egungo txapelduna bera, Madeira izango du aurkari finalerdietan, larunbatean, 16:00etan (Euskal Herriko ordua), eta EITBk zuzenean emango du norgehiagoka hori, ETB4n eta eitb.eus-en; Gipuzkoako taldeak aurrera egingo balu eta igandeko finalerako sailkatuko balitz, final hori ere izango litzateke ikusgai, zuzenean, 16:00etatik aurrera, ETB4n eta eitb.eus-en. Benfica edo AtticGo BM Elx izango litzateke Donostiako taldearen aurkaria.

Hala, larunbatean, hilaren 7an, lehenengo finalerdian, 13:00etan (Euskal Herriko ordua izango dugu kontuan), Benfica (Bera Berak talde hori izango du aurkari European Leaguen, bide batez) eta AtticGo BM Elx arituko dira nor baino nor gehiago, finalerako postu bat jokoan. Bera Bera eta Madeira ere saiatuko dira finalerako sailkatzen, 16:00etatik aurrera; arestian esan bezala, ETB4k eta eitb.eus-ek bigarren finalerdi hori emango dute, zuzenean.

Igandean, hilaren 8an, 13:00etan, hirugarren posturako partida izango da; larunbateko bi galtzaileek jokatuko dute hori. Eta 16:00etan, Iberiar Superkopako final handia hasiko da; titulurako partidan Bera Bera izango balitz, EITBk zuzenean emango luke norgehiagoka, eitb.eus-en eta ETB4n.

 

Albisteak (3)