Joko Paralinpikoak
Honelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia Parisko 2024ko Joko Paralinpikoetan irailaren 6an, ostirala
EITB MEDIA
Euskal kirolariek diziplina hauexetan hartu dute parte ostiral honetan: errepideko txirrindularitza, igeriketa, esprint piraguismoa eta gurpil-aulkiko saskibaloia.
Parisen jokatzen ari diren Joko Paralinpikoetan, ostiralean, irailaren 6an, euskal kirolariek emaitza hauek lortu dituzte:
ERREPIDEKO TXIRRINDULARITZA
Frantziako selekzioarekin dabilen eta Lapurdin bizi den Heidi Gaugainek zilarrezko domina lortu du C4-5 errepideko lasterketan. Gaugainek urrea ere izan du jokoan, Sarah Storey britainiarrarekin, baina Storey nagusitu da esprintean. Horrenbestez, Gaugainek hiru domina ditu irabazita, zilarrezkoak hirurak, Parisen.
Heidi Gaugain, aurreko proba batean. Argazkia: Basque Team.
Gizonezkoetan, C4-5 errepideko lasterketan, Dorian Foulon zortzigarren sailkatu da. Foulon, Frantziako selekzioko kidea bera, 6:59ra izan ditu dominen lehian aritu diren txirrindulariak.
IGERIKETA
Iñigo Llopis Basque Teameko igerilaria lehiatik at gelditu da 100 metro libreetako sailkatzeetan, S8an. Llopisek zazpigarren postua lortu du bere txandan, 1:01.42 eginda; ezin izan du lortu zortzi denbora onenetakoa, eta, hortaz, ez da finalean izango.
Iñigo Llopis. Argazkia: Basque Team.
ESPRINT PIRAGUISMOA
Basque Teameko Higinio Rivero finalerdietarako sailkatu da, 200 metroetan, VL2an. Barakaldarrak laugarren postua lortu du bere txandan; Fernando Rufino de Paulo sailkatu da aurreneko postuan, eta zuzenean sailkatu da finalerako.
Higinio Rivero. Argazkia: Basque Team.
GURPILDUN AULKIKO SASKIBALOIA
Asier Garciak, Basque Teamekoa bera, zazpigarren postua eskuratu du, Espainiako selekzioarekin, Frantzia aurkari. Jokatu dute partida erabakitzeko zein taldek lortuko zuen zazpigarren postua, eta zeinek zortzigarren; neurketa horretan, Espainia 72-57 gailendu da, eta jokalari bilbotarrak bost puntu sartu ditu.
Asier Garcia, elkarrizketa batean. Argazkia: Basque Team.