Itxi

Mendiko Lasterketak

Naiara Irigoyen korrikalari nafarrak irabazi du Kilometro Bertikaleko Munduko Txapelketa

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Mendiko Lasterketen Munduko Txapelketa asteburu honetan jokatuko da Sorian, eta gaur goizean lehiatu da lehendabiziko proba: kilometro bertikala. Naiara Irigoienek eta Alain Santamariak bereganatu dute urrezko domina.

Naiara Irigoyen, Kilometro Bertikaleko Munduko Txapelketan. Argazkia: FEDME

Naiara Irigoyen korrikalari nafarra eta Alain Santamaria errioxarra nagusitu dira Kilometro Bertikaleko Munduko Txapelketan, Sorian.  

Mendiko Lasterketen Munduko Txapelketa asteburu honetan jokatuko da Sorian, eta gaur goizean lehendabiziko proba -kilometro bertikala- lehiatu dute, Moncayo mendiaren magalean, Agredan.

Korrikalariek 4,8 kilometro ibilbidea egin behar izan dute, eta, guztira, 1.050 metro igo dituzte. Halaber, eguraldiak ez du lagundu, eta hotzari, euriari eta behe-lainoari aurre egin behar izan diote.  

Irigoyen, egungo Europako  txapelduna, bigarren postuan joan da lasterketaren zatirik handienean, Bendetta Brogiren atzetik. Alabaina, korrikalari italiarrak behera egin du pixka bat, eta une hori baliatu du Paola Satampanonik, erritmoa gogortzeko eta lasterketa buruan jartzeko.

Azken txapan, baina, Irigoyenek estutua eman du eta helmugan bakarka sartuta irabazi du lasterketa. Korrikalari iruindarrak 50 minutu eta zortzi segundo behar izan ditu proba amaitzeko. Bigarren izan da Satampanoni (+19) eta hirugarren Brogi (+35).  

Bestalde, Alain Santamaria korrikalari errioxarra -Naiara Irigoyenen bikotekidea- nagusitu da gizonezkoen proban, 40 minutu eta 56 segundoko denbora eginda.

Faborito nagusia Josep Demoor estatubatuarra zen, baina Ezcarayko korrikalariak helmugaratzeko metro gutxi batzuk falta zirenean hartu dio aurrera, eta urrezko domina eskuratu du. Demoor izan da bigarrena (41 minutu) eta Alex Oberbacher italiarra hirugarrena (42 minutu eta 11 segundo).