Itxi

ESKUBALOIA - EHF EUROPA LIGA

Bera Berak mendean hartu du Benfica, eta bi goleko abantaila lortu du itzuliko partidarako (28-30)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Oso partida parekatua izan da, baina Donostiako taldeak beste martxa bat sartu du bigarren zatian garaipena lortzeko eta Donostian jokatuko den itzuliko partidara abantailarekin joateko.

Benfica eta Bera Beraren arteko partidako irudia. Argazkia: EITB

Super Amara Bera Berak 28-30 garaitu du Benfica igande honetan EHFren Europa Ligako fase erregularrerako txartela ematen duen atariko kanporaketako joaneko neurketan. Oso partida parekatua izan da, baina Donostiako taldeak beste martxa bat sartu du bigarren zatian garaipena lortzeko eta Donostian jokatuko den itzulikorako abantailarekin joateko. Partida hori ere zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en eta ETB4n.

Super Amara Bera Bera taldeko jokalari aipagarrienak Arroyo eta Ogonovszky izan dira, 9 eta 5 gol egin baitituzte, hurrenez hurren.

Lehen zatia oso parekatua izan da, eta jokaldi eta jaurtiketa azkarrekin baina penaltietan zehaztasun faltarekin hasi da. Izan ere, lehen minutuetan bi taldeek huts egin dute pare bat.

Gipuzkoako taldeak aurrea hartu du markagailuan, eta hor jarraitu du partida osoan zehar, bi goletik gorako aldea lortu ezinik. Behin bakarrik handitu dute aldea 3 golera, 9-12koarekin, baina lehen ordu erdiaren amaieran, gol bakarrera murriztu da aldea (13-14).

Bigarren zatia eraginkortasun faltarekin hasi da erasoan, lehen hiru minutuetan ez baitute golik sartu. Hortik aurrera, partidak lehen zatiko gidoi bera izan du: Benficak gola sartu duen bakoitzean, Bera Berak gola eginez erantzun dio.

0-5eko partzialarekin, Bera Berak 6 goleko abantaila (17-23) lortu du garaipena bideratzeko, eta 8 goleko aldea lortu du partida amaitzeko hamar minuturen faltan (20-28), batez ere Bera Beraren defentsako lan bikainari eta Kosticen geldiketei esker.

Azken minutuetan, Araujo ordezkatu behar izan dute, Rodrigues portugaldarrarekin tupust egin ostean. Bi jokalariak min handiarekin erori dira lurrera, baina bere kabuz atera dira kantxatik.

Benficak azken minutuetan erreakzionatu du abantaila murrizteko, baina ez du nahikoa izan. Bera Berak 28-30 irabazi du, eta 2 goleko aldea du itzuliko partidarako.

Fitxa teknikoa:

28 - SL Benfica: Da Costa Rosa eta Cafumo Carlos; Campos (3), S.M. Da Silva, Ferraz Costa, Unjaque (2), Patricia Rodrigues (8), Pereira, Bolzan (3), Silva, Bastos Nascimiento, Alves Henriques, Nadia Rodrigues (2), Sequeira (3), María Santos (2), Semedo, Minciuna, Ferreira Da Silva (4), Shunu (1).

30 - Super Amara Bera Bera: Kostic, Prades; Erauskin, Joao (1), Tchaptchet (2), Arrojeria, Ogonovszky (5), Hernandez (1), Etxeberria (3), Arroyo (9), Alvarez (2), Karsten (1), Gavilan (4), Louis (2), Tapia, Menendez.

Markagailua (5 minutuan behin): 1-2; 4-3; 6-4; 7-7; 9-11; 13-14 (atsedenaldia); 15-15; 17-19; 18-23; 20-28; 24-28; 28-30.

Epaileak: Miklos Andorka eta Robert Hucker (Hungaría). Semedo, Shunu, Arroyo eta Karsten kanporatu dituzte.

Albisteak (1)