Europako Liga
Bidasoak final-laurdenetarako aurrerapausoa eman nahi du; Benficaren aurkako partida, gaur, eitb.eus eta ETB4n
EITB Media
Irungo taldeak Lisboakoa izango du aurkari astearte honetan, Artalekun, Europako Ligako final-zortzirenetako multzoen faseko lehen jardunaldian. Neurketa zuzenean jarraitu ahalko duzu eitb.eus-en eta ETB4n, 20:45etik aurrera.
Bidasoa Irungo jokalariak Ystadsen aurka garaipena lortu ostean. Argazkia: EITB Media
Bidasoa Irunek Benficaren aurka jokatuko du astearte honetan, otsailaren 11n, Artalekun (Irun), European Leagueko final-zortzirenetako multzoen faseko lehen jardunaldiko partida. Neurketa zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETB4k, 20:45ean.
Irungo taldea lau punturekin pasa da txapelketako final-zortzirenetako fasera, Ystasden aurka aurreko fasean lortutako garaipenari esker. Izan ere, Suediako taldea da multzoko azkena, punturik gabe; Limogesek eta Benficak, berriz, bina puntu dituzte. Beraz, Bidasoa Irunen garaipena final-laurdenetarako sailkatzeko aurrerapauso handia izango litzateke.
Portugalgo taldearen aurka garaipena lortuz gero, Limogesen aurkako bi norgehiagokak lasaitasun handiagoarekin hartuko lituzke Bidasoak. Alberto Entrerriosek zuzendutako taldea Frantziako ligako sailkapeneko 12. postuan dago, eta 2. multzoko lehen posturako faboritoetako bat da.
Bestalde, Benfica Portugalgo ligako hirugarren sailkatua da Sporting eta Portoren atzetik, eta maila handiko jokalariak ditu; besteak beste, Miguel Sanchez Mingallon eta Gustavo Capdevilla.