EHF Europa Liga
Bidasoak lehen postua ziurtatu nahi du, Limoges indartsuaren aurrean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Norgehiagoka 20:45ean hasiko da, eta zuzenean ikusteko aukera egongo da, ETB4n eta eitb.eus-en, streaming bidez.
Bidasoa Irunen artxiboko irudia. EITB MEDIA
Bidasoa Irunek Frantziako Limoges taldearen etxean jokatuko du astearte honetan, Europa Ligako lehen postuari eusteko asmoz. Irungo taldea lider dabil gaur egun; Limoges, berriz, bigarren, bi puntura. Partida zuzenean ikusteko aukera emango du EITBk: telebistaz, ETB4n, eta streaming bidez, eitb.eus webgunean.
Irungo taldeak indartsu ekingo dio gaurko erronkari, joan den larunbatean, Bartzelona mendean hartu baitzuen ligan (32-30). Limoges gaurko aurkaria da orain arte Europan egin duten bide bikainean izan duen oztopo nagusia. Han jokatzen du Jon Azkue Bidasoako jokalari ohiak, Frantziako taldearen liderra
Limoges bidasoatarrak muturrera eramaten ahaleginduko da, Seif El-Deraa egipziarraren eta Faruk Yusuf nigeriarraren talentuaz baliatuta, besteak beste.
Bidasoari dagokionez, Eneko Furundarenak ezingo du jokatu, giharretako arazo baten ondorioz. Ligako azken partidan ere ezin izan zuen parte hartu.