Eskubaloia
Bera Berak Iberdrola Ligako play-offeko finalaurrekoa jokatuko du, Granollers kanporatu eta gero
G. P. A. | EITB Media
Super Amara Bera Berak eta KH-7 Granollersek 33na berdindu dute Gascan, baina joaneko partidan lau goleko errentarekin gailendu zenez, Donostiako taldeak egin du aurrera.
Super Amara Bera Berako jokalariak, pozarren, kanporaketa gaindituta. EITB Media
Super Amara Bera Bera Iberdrola Ligako play-offeko finalerdietan izango da, KH-7 Granollers taldearen aurkako kanporaketa gainditu eta gero.
Imanol Alvarezen taldea 30-34 nagusitu zen joaneko partidan, Granollersen, eta gaur, Gascan, berdinketarekin amaitu da neurketa (33-33).
Norgehiagoka oso parekatua izan da. Lehen zatian, Bera Bera 17-16 gailendu da, eta bigarrenean, Granollersek egin du 16-17ko partziala.
Donostiako taldea hasieratik joan da markagailuan aurretik, baina gehienez lau goleko abantailarekin. Granollersek ez du inoiz amore eman, eta 31-31 berdinduta iritsi dira azken txanpara.
Azkenean, berdinduta bukatu da partida, 33-33, baina Bera Berak etxetik kanpo lau goleko errenta lortu zuenez, Imanol Alvarezen neskek egin dute aurrera.
Finalaurrekoan Costa del Sol Málaga edo Rocasa Kanaria Handia izango dute aurkari.