Itxi

EA Sports Liga

Alavesek Levante garaituz eman dio hasiera denboraldiari (2-1)

I. G. | EITB

Leer en Castellano

Toni Martinezek estreinatu du markagailua babazorroentzat eta Tenagliak sartu du garaipenaren gola luzapenean.

Alaveseko jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek garaipenarekin hasi du 2025-2026ko EA Sports Liga larunbat honetan, Mendizorrotzan jokatutako partidan Levanteri 2-1 irabazita. Toni Martinezek estreinatu du markagailua babazorroentzat eta Tenagliak sartu du garaipenaren gola luzapenean.

Norgehiagoka oso berdinduta hasi da, eta jokoa zelai erdian zentratuta. Bi taldeak aurkariaren areara hurbiltzen joan dira baloia ukituz, baina azken metroetan ideiak falta izan zaizkie eta ez dituzte atezainak estutasunetan jarri.

Gasteizko taldeak ekimen gehiago izan du, batez ere eskuin hegaletik Carlos Vicenteren abiadura bilatuz. Levanteren aukerarik argiena Romeroren jaurtiketa bat izan da, baina ezin izan du taldearen jokaldi ona gola eginez burutu.

36. minutuan iritsi da Alavesen denboraldi honetako lehen gola. Babazorroen aldeko korner batean, Cuñatek ukabilekin aldaratu du baloia, baina Aleñak bigarren jokaldia aprobetxatu du erdiraketa egiteko eta Toni Martinezek buruz sartu du gola (1-0).

Aldageletatik bueltan, Levantek berdinketa jarri du markagailuan, jokaldi nahasi bat baliatuta. Siverak Bruguiren jaurtiketa gelditu du, baina ezin izan du ezer egin Toljanen aldaratzearekin (1-1).

Guridik eta Toni Martinezek bigarren gola sartzeko aukera izan dute, etxekoek aurkariak baloia eskuarekin ukitu duela eskatu duten jokaldian, baina ez dute ez bata ez bestea lortu.

Coudetek Mariano eta Abde Rebbach sartu ditu erasoan taldea indartzeko, eta gola sartzeko abagune bana izan dute, aurkarien atezainak bi geldiketa on eginez ezerezean utzitakoak.

Partida berdinduta amaituko zela zirudienean, Tenaglia adi egon da erdiraketa behartu bat harrapatu eta etxeko taldeari garaipena eman dion gola sartzeko (2-1).

Fitxa teknikoa:

2 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Parada (Yusi, 91. min), Garcés, Otto; Blanco, Ibañez (Mariano, 77. min); Vicente (Calebe, 86. min), Aleña (Guevara, 91. min), Guridi (Rebbach, 77. min); eta Toni Martinez.

1 - Levante: Campos, Dela, Elgezabal, Brugue (Alvarez, 85. min), Romero (Lozano, 77. min), Pablo Martinez (Moreno, 85. min), Manu Sanchez (Pampín, 79. min), Cabello, Víctor (Morales, 54. min), Rey eta Toljan.

Golak: 1-0, 36. min: Toni Martinez. 1-1, 68. min: Toljan. 2-1, 92. min: Tenaglia.

Epailea: Miguel Sesma Espinosa. Txartel horia atera dio Manu Sanchez jokalariari.