Itxi

EA SPORTS LIGA

Alavesek berdindu egin du galtzen hasitako partida (1-1)

G. P. A. | EITB

Leer en Castellano

Atletico berehala aurreratu da markagailuan, baina talde babazorroak partida ona jokatu du eta laster erantzun dio, Carlos Vicentek penaltiz gola sartuta. Neurketaren amaieran, berriz, asko sufritu du emaitzari eusteko.

Carlos Vicente, berdinketaren gola ospatzen. EFE

Alavesek bana egin du Atleticoren aurka Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako partida. Talde babazorroa galtzen hasi da, baina Carlos Vicentek penaltiz egindako gol bati esker, laster lortu du markagailua berdintzea.

Bigarren zatian, behera egin du, eta Cholo Simeoneren taldea gehiago izan da neurketaren azken txanpan. Hala ere, Sivera bikain aritu da, eta erabakigarria izan da emaitzari eusteko.

Chacho Coudeten taldeari berehala jarri zaio neurketa aldapa gora, Atletico 6. minuturako aurreratu baita markagailuan, gola jokaldi nahasi batean eginda.

Giuliano Simeonek baloia area barruan hartu du, eta horren jaurtiketa Siverak urrundu du. Defentsa ez da azkar ibili, baloia Giulianori iritsi zaio, eta bigarren saiakeran ez du hutsik egin. Baloia sarera bidali du: 0-1.

Errepikapenetako irudiek erakutsi dute Giuliano jokoz kanpo zegoela, eta, ondorioz, gola baliorik gabe utzi behar zutela, baina epailea ez da konturatu eta VAReko epaileak ez du esku hartu. Horrenbestez, polemika piztu da.  

Edonola ere, Madrilgo taldeari gutxi iraun dio pozak. Alaveseko jokalariak ez dira kikildu, goian presionatzen jarraitu dute eta berdinketa lehen laurdena bete orduko lortu dute, penaltiz.

Estrategiako jokaldi batean, Tenagliak baloia area txikian hartu behar zuenean, Sorlothek lurrera bota du argentinarra, eta Victor Garcia Verdura epaileak ez du zalantzarik izan penaltia adierazteko. Carlos Vicentek egin du 1-1ekoa.

Babazorroek garaiz gainditu dute lehen kolpea. Defentsan Atleticori eusteko gai izan dira, eta erasoko jokoan gol aukera bat edo beste sortzeko ahalmena izan dute. Hala ere, bietako bat ere ez da gailendu zelaiaren erdian, eta partida bigarren zatian erabakitzeko geratu da.

Aldageletatik bueltan, ezbeharra izan da harmailetan: larrialdi zerbitzuetako langileek ondoezik zegoen ikusle bat artatu behar izan dute, eta epaileak partida geldiarazi du, hamabi minutuz. Emakumea estadiotik atera ostean ekin diote partidari.

Lehen zatiko gidoia errepikatu da bigarrenean, eta neurketa parekatua izan da, Cholo Simeonek 72. minutuan Griezmann zelairatu duen arte. Jokalari frantziarrak Atleticoren erasoko jokoa suspertu du, eta hiru minutuan hiru gol aukera sortu ditu.

Lehendabizikoan, Siverak geldiketa bikaina egin dio Sorlothi; bigarrenean, Griezamannek jaurtitako baloiak zutoina jo du; eta hirugarrenean, Julian Alvarezek gora bidali du ate aurrean egindako errematea.

Partidaren azken txanpan, Atletico gehiago izan da, eta Alavesek asko sufritu du, baina emaitzari eutsi dio azkenean, eta puntu on bat bereganatu du.

Atleticok, berriz, lehendabiziko hiru jardunaldietan jokoan izan dituen 9 puntuetako 2 eskuratu ditu. Liga hasierarik okerrena du 2009tik.

FITXA TEKNIKOA

1 - Alaves: Sivera; Otto, Tenaglia, Garces, Diarra (Parada, 57. min); Blanco, Ibañez (Protesoni, 79. min, Suarez, 89. min); Vicente, Aleña, Guridi (Guevara, 58. min); eta Toni Martinez (Mariano, 80. min).

1 - Atletico Madril: Oblak; Llorente, Le Normand, Lenglet, Hancko (Ruggeri, 72. min); Giuliano (Koke, 88. min), Barrios, Cardoso (Gallagher, 72. min), Almada (Griezmann, 73. min); Julian Alvarez (Raspadori, 88. min) eta Sorloth.

Epailea: Victor Garcia Verdura. Txartel horia atera die Diarra Alaveseko jokalariari eta Cardoso eta Sorloth Atleticoko jokalariei. 

Golak: 0-1: Giuliano Simeone, 7. min. 1-1: Carlos Vicente, penaltiz, 14. min.