Itxi

Berdinketa Coliseumen

Alavesek ederto egin du lan eta beste puntu bat bildu du Getafen, Guevararen gol bati esker (1-1)

EITB Media

Leer en Castellano

Lehen zatian Soria Getafeko atezaina izan da protagonista nagusia, Mariano, Abde eta Caleberi hiru geldiketa eginda, eta bigarrenean iritsi dira golak. Madrilgo taldea aurreratu da Aranbarriren golari esker.

Guevararen eta Carlos Vicenteren arteko besarkada, berdinketaren gola egin ondoren. Argazkia: EFE

Alavesek 1-1 berdindu du Coliseumen eta sailkapenean eroso jarraitzen du 8 punturekin. Lehen zatian Soria Getaferen atezaina izan da protagonista nagusia, Mariano, Abde eta Caleberi hiru geldiketa egin dizkio eta. Bigarrenean iritsi dira golak.

Lehen zatia orekatua izan den arren, Alaves nagusitu da, eta aukerarik argiena babazorroek izan dute. Lehen zatiko azken txanpan, Marianok baloia lapurtu dio Getafeko atzelari bati, eta Abderi pase bikaina eman dio, baina David Soria Getaferen atezainak geldiketa bikaina egin, errematea kornerrera bidali du.

Aurretik, Mariano bera Madrilgo taldearen atezain aurrean bakarrik geratu da, atzelari bati beste baloi bat lapurtu ostean, baina epaileak falta adierazi eta jokaldia baliogabetu du. Erabakiak eztabaida piztu du.

Alaves Getafe baino hobea izan da, Madrilgo taldea Siverak defendatutako atera ia ez baita hurbildu. Kamararen erdiraketa bat Bordalasek zuzendutako taldearen jokaldirik arriskutsuena izan da, baina Borja Mayoral aurrelaria ez da errematatzera iritsi, gutxigatik.

Alaves sendo hasi da bigarren zatian, baina jokaldi isolatu batean Arambarrik Sivera gainditu du, erdiraketa bat errematatu ostean.

Babazorroak berehala suspertu dira, Toni Martinezek zutoinera bidali baitu baloia, eta minutu batzuk geroago Martinezek berak korner bat luzatu du, baloia buruz jota, eta Guevarak bigarren zutoinean ez du abagunea alferrik galdu, eta, baloia Soriaren aurrean ederki gurutzatuz, berdinketaren gola egin du.

Fitxa teknikoa:

1 - Getafe: Soria; Kiko Femenia, Juan Iglesias, Djene, Abqar, Diego Rico (Davinchi, 79. min); Arambarri, Milla, Mario Martín (Javi Muñoz, 60. min); Kamara (Sancris, 46. min) eta Borja Mayoral (Coba, 83. min).

1 - Alaves: Sivera; Jonny, Garces, Pacheco, Youssef; Calebe (Carlos Vicente, 46. min), Guevara, Ibañez (Denis Suarez, 79. min), Abde; Toni Martinez (Aleña, 79. min) eta Mariano (Boye, 79. min).

Golak: 1-0, 63. min: Arambarri; 1-1, 71. min: Guevara.

Epailea: Alejandro Quintero Gonzalez andaluziarrak Alaveseko Caleberi (23. min) eta Garcesi (77. min) txartel horia atera die, eta Getafeko Abqarri (31. min) eta Davinchiri (88. min).

Coliseumean jokatu da EA Sports Ligako seigarren jardunaldiko partida, 8.005 ikusleren aurrean.

Bideoak (1)