FIFA-ren zigorra
Alavesek baieztatu du Garcesek ez duela Mallorcan jokatuko, FIFAk zigortu egin baitu
Agentziak | EITB
Dokumentuak faltsutzea egotzita, urtebetez futbolean jokatzeko debekua ezarri dio FIFAk Facundo Garcesi. Gasteizko klubak futbolariaren errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko eskatu du.
Facundo Garces, Sevillaren aurka Mendizorrotzan jokatutako partidan. EFE
Deportivo Alavesek baieztatu du Facundo Garces ez dela Mallorcaren aurka gaur etxetik kanpo jokatzeko deialdian sartu, FIFAk jokalariari urtebetez futbolean aritzeko zigorra jarri baitio, agiriak faltsutzea egotzita.
Komunikatu labur batean, Gasteizko klubak jokalariaren "errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko" deia egin du, eta auzia ahalik eta azkarren argitzeko eskatu du.
Garces jatorri argentinarra duen futbolari malaysiarra da, eta FIFAk atzo jakinarazitako ebazpenaren arabera, Malaysiako Futbol Federazioak zazpi futbolariren dokumentuak faltsutu zituen, tartean Alaveseko jokalariarena, 2027an Saudi Arabian jokatuko den Asiako Kopara sailkatzeko kanporaketetan parte hartu ahal izan zezaten.
Jokalariei urtebetez futbolean jokatzeko debekua ezartzeaz gain, Malaysiako Futbol Federazioak 375.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta jokalari bakoitzak 2.140 euro ordaindu beharko ditu bere poltsikotik.
Ekainaren 10ean, Malaysiako selekzioak Vietnamen aurka jokatu zuen Asiako Kopara sailkatzeko aurre-kanporaketako hirugarren partida, eta norgehiagoka horren ostean, FIFAk salaketa bat jaso zuen, Malaysiarekin aritu ziren hainbat futbolariren agiriak legezkoak ziren zalantzan jarrita.
Orduan abiatutako ikerketaren ondotik iritsi dira atzo iragarritako zigorrak.