agiriak faltsutzea
Alavesek Facundo Garces baztertu du, FIFAren zigorra ebatzi arte
EITB Media
Talde babazorroak "erakunde eskudunek hartzen dituzten erabakiak errespetatzen" dituela azaldu du, eta egoera "ahalik eta lasterren" konpontzea espero du.
Facundo Garces, jatorri argentinarreko atzelari malaysiarra. Argazkia: Europa Press
Alavesek gaur iragarri duenez, Facundo Garces argentinarra Arabako taldetik at utzi du, "behin-behinean, FIFAk irekitako prozesua ebatzi arte".
FIFAren Diziplina Batzordeak ostiralean iragarri zuen jokatu gabe utziko zituela, hamabi hilabetez, Alaveseko jokalaria eta Malaysiak nazionalizatutako beste sei futbolari, 2027ko Asiako Kopako kanporaketetan agiriak faltsutzea egotzita.
Zazpi futbolariek joan den ekainaren 10ean parte hartu zuten Vietnamen aurkako partidan, 2027ko Saudi Arabiako Asiako Koparako sailkatzeko hirugarren kanporaketan.
Norgehiagoka horren ostean, FIFAk salaketa bat jaso zuen, horietako batzuen hautagarritasuna zalantzan jarriz.
Arabako taldeak "erakunde eskudunek hartzen dituzten erabakiak errespetatzen" dituela azaldu du gaur, eta egoera "ahalik eta lasterren" konpontzea espero du.