Zigorra
Malaysiak Facundo Garces Alaveseko jokalariaren aurka FIFAk ezarritako zigorra apelatuko du
EITB
FIFAren Diziplina Batzordeak urtebeteko zigorra ezarri zien Malaysiako selekzioarekin zebiltzan nazionalizatutako zazpi jokalariri, tartean, Alaveseko atzelariari, agiriak faltsutu omen zituztelako.
Facundo Garces. Argazkia: Europa Press.
Malaysiako Futbol Federazioak iragarri du apelatu egingo duela Malaysiako selekzioarekin zebiltzan nazionalizatutako zazpi jokalariri, tartean Facundo Garces Alaveseko atzelariari, FIFAk ezarritako zigorra; hain zuzen ere, Garcesek eta beste sei futbolariek urtebeteko zigorra dute ezarrita, agiriak faltsutu omen zituztelako.
"Gai honekin lotutako agiri eta froga guztiak osorik daude, eta prest FIFAri ahalik eta lasterren aurkezteko, bide ofizialen bidez", zehaztu du, ohar batean, Malaysiako Futbol Federazioak.
Irailean, FIFAren Batzordeak iragarri zuen hamabi hilabeteko zigorra ezarriko ziela zazpi kirolariri, futbolarekin lotutako jarduera guztiekin lotuta; 2027ko Asiako Kopako kanporaketetan faltsutu omen zituzten dokumentuak, FIFAren arabera. "Malaysiako Federazioaren iritziz, hori ez da zehatza, ezta bidezkoa ere". Malaysiaren esanetan, jokalariak hautatzeko aukerarekin erlazionatutako agiri guztiak "egiaztatu egin zituzten", eta kirolariak "fede onez" aritu ziren.
Malaysiak Vietnamen aurka jokatu zuen ekainaren 10ean, Saudi Arabian 2027an jokatuko duten Asiako Kopako hirugarren sailkatze-txandaren barnean; norgehiagoka horren ostean, FIFAk salaketa jaso zuen, eta horretan zalantzan jartzen zuten jokalarietako batzuk Malaysiarekin aritzeko moduan izatea.