Berdinketa Mendizorrotzan
Alavesek ezin izan du egindako lana markagailuan islatu Valentziaren aurkako partidan (0-0)
EITB Media
Babazorroek ez dute garaipenaren saririk izan Valentziako taldearen aurrean. Aurkarien zelaian jokatu dute ia partida osoa, baina Julen Agirrezabalarekin eta haren zutoinarekin egin dute topo.
Luis Riojaren eta Yusiren arteko borroka, Mendizorrotzan jokatutako partidan. Argazkia: EFE
Alavesek ez du garaipenaren saririk lortu Valentziaren aurka, EA Sportseko Ligako bederatzigarren jardunaldia itxi duen neurketan. Partida husna amaitu da, nahiz eta babazorroek ia partida osoa aurkarien zelaian jokatu, baina Julen Agirrezabalarekin eta haren zutoinarekin egin dute topo.
Bi taldeek golik gabe berdindu dute atsedenaldian, talde babazorroa nagusi izan eta hainbat gol aukera izan ostean, nahiz eta valentziarrek aurrea hartzeko aukera izan duten 2. minutuan.
Bigarren zatiaren hasieran, Toni Martinezen burukada bikain bati, 53. minutuan, erantzun paregabea eman dio Julen Agirrezabala Valentziaren atezainak. Norgehiagokaren azken txanpan, 86. minutuan, Denis Suarezek falta atera eta baloiak Valentziako atearen zutoinean jo du.
Antonio Blancok 100 norgehiagoka ofizial jokatu ditu babazorroen elastikoarekin. Kordobarra 2023an iritsi zen taldera eta urte horretako urtarrilean egin zuen debuta Errege Kopan. 25 urteko Blancori omenaldia egin diote partidaren atarian.
Antonio Blancori egindako omenaldia. Argazkia: Europa Press
- Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Sivera; Jonny, Tenaglia, Pacheco, Yusi; Blanco, Ibañez (Denis Suarez, 61.min) ; Rebbach (Aleña, 61.min), Calebe (Vicente, 61.min); Lucas Boye eta Toni Martinez (Guridi, 71.min).
0 - Valentzia: Agirrezabala, Thierry, Tarrega, Copete (Comert, 80.min), Gaya; Javi Guerra (Santamaria, 80.min), Pepelu, Danjuma (Raba, 71.min), Luis Rioja; Diego Lopez eta Hugo Duro (Beltran, 80.min).
Epailea: Iosu Galech nafarra. Yusiri (29. min), Diego Lopezi (82.min) eta Santamariari (85.min) txartel horia atera die.
EA Sports Ligako bederatzigarren jardunaldiko norgehiagoka. Gasteizko Mendizorrotza estadioan jokatu da, 15.564 ikusleren aurrean. Bi taldeetako jokalariek partidako lehen 15 segundoak geldirik eman dituzte, ligak Miamira neurketak eramateko duen asmoaren aurka protesta egiteko.