Itxi

EA SPORTS LIGA

Alavesek porrota jaso du Gironaren aurka (1-0)

L. U. | EITB

Leer en Castellano

Lehen zatian, Michelen taldea izan da nagusi, eta 1-0ekoa egin du, Tsygankoven burukada batekin. Bigarren zatian, berriz, talde babazorroak berdinketa lortzeko abaguneak izan ditu, baina ez du saririk lortu.

Girona VS. Alavés Foto: EFE

Alavesek 1-0 galdu du Gironaren aurka larunbat honetan Montilivin jokatu den EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partida.

Lehen zatian, Gironak mendean izan du Arabako taldea, eta aurrea hartu du, Tsygankoven golari esker. Talde babazorroak aurrerapausoa eman du bigarren zatian, eta berdinketa lortzeko aukerak izan ditu. Azkenean, baina, ez du saririk lortu, eta Gironak hiru puntuak eskuratu ditu, oraingoz jaitsierako postuetatik ateratzeko nahikoak.

Partidaren lehen zatian, Girona jaun eta jabe izan da, eta etxeko taldeak presioa handia eta itogarria egin du. 7. minutuan, Bryan Gilek abisua eman du jaurtiketa gogor batekin, baina Siverak gelditu egin du.

Hurrengo jokaldian etorri da Alavesen lehen abagune argia. Mariano eta Denis Suarezen arteko jokaldi batean, azken honek arrisku handiz errematatu du, baina Gazzaniga atezain argentinarra aurkitu du aurrean, jokaldia ezerezean uzteko.

16. minutuan, Bryan Gilek aurrea hartu dio Caleberi, atzeko lerroraino estutuz, bigarren zutoinean jarri du baloia, eta Tsygankovek buruz sartu du etxekoen gola (1-0).

Talde babazorroa lekuz kanpo eta zelaiaren erdian gaindituta zegoen, eta Coudeten mutilek ez zuten aurkitzen lerro arteko paseak saihesteko modurik. Atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan, hala ere, Aleñak markagailuan berdintzeko aukera izan du.

Coudetek aldaketa hirukoitza egin du atsedenaldian, Jon Guridi, Abde Rebbach eta Carlos Vicente zelairatuta Aleña, Calebe Gonçalves eta Marianoren ordez, eta Alavesek aurrerapausoa eman du bigarren zatia hastearekin batera.

53. minutuan, Blancok 1-1ekoa egin du korner baten ostean, etxekoen area txikian bakar-bakarrik zegoela, baina, VARak eskatuta, epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako.

Jokaldiak Michelen taldea piztu du, eta garaipena eskuratzeko premia larria zuela gogorarazi dio. Alavesek Toni Martinezen angelurik gabeko jaurtiketa batekin bakarrik urduritu ditu etxekoak.

Bigarren zatiko bi abagune argienak Gironarenak izan dira, biak Cristhian Stuani uruguaitarrarenak: lehenik, atzelari batek horren jaurtiketa bat desbideratu du, eta, azken txanpan, epaileak 2-0ekoa baliogabetu du, jokoz kanpo zegoelako.