Errege Kopa
Alavesek Kopako final-hamaseirenetarako txartela lortu du lanak eman dizkion Portugaleteren aurka (0-3)
EITB Media
Coudeten jokalariek oso ondo hasi dute neurketa, 2. minutuan hartu dute aurrea, Carlos Vicenteren gol eder bati esker. Atsedenaldiaren ostean garaipena bermatu dute, Portugaletek bere atean sartutako golari esker. Toni Martinezek hirugarren gola egin du azken minutuetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alavesek Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketarako txartela lortu du Portugaleteri 0-3 irabazita, La Florida futbol-zelaian. Portugaleteko taldeak, harmailak bete dituzten etxeko zaleen bultzadarekin, babazorrei lanak eman dizkie, baina ez da nahikoa izan Eduardo Coudetek zuzentzen duen taldea gainditzeko. Prestatzaile argentinarrak urtebete du gaur Gasteizko taldearen aulkian.
Alavesek bikain hasi du norgehiagoka; izan ere, bigarren minutuan, Carlos Vicente galiziarrak pase luze bat kontrolatu du Portugaleteko area barruan, ederto jaurti eta 0-1ekoa egin du.
Hala ere, minutuek aurrera egin ahala, talde babazorroak kemen apur bat galdu du, eta Portugaletek berdinketa lortzeko aukeraren bat edo beste izan du. Gasteizko taldekoek 0-2koa egiteko abagune argia izan dute, baina Ibon Gonzalez Portugaleteren atezainak Toni Martinezen jaurtiketa aldendu du, oinaz. Beraz, markagailuan ez da gorabehera gehiagorik izan atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatian, aurrelari babazorroak gola sartzeko beste aukera bat izan du Ibon Gonzalezen aurrean, baina Portugaleteren atezainak oinarekin atera du, beste behin, jaurtiketa.
Alavesen area barruan jokaldi polemiko bat izan ostean, babazorroen bigarren gola iritsi da. Toni Martinezek baloi bat lapurtu du eta bere erdiraketa Portugaleteko atzelari batek bere atean sartu du. Aurreko jokaldian, epaileak txartel horia atera dio etxekoen jokalari bati, area barruan bere burua bota omen du eta, baina kontaktua egon zitekeen eta penaltia adierazi du.
Ia 90. minutuan Toni Martinezek ona egin du hirugarrenean bai esamoldea, izan ere, hirugarren aukeran egin du gola, babazorren hirugarrena, eta itxi egin du lehia.
Fitxa teknikoa:
0 - Portugalete: Ibon Gonzalez; Gonzalo Alfaro, Ander González, Oier del Cura, Gorka Tapiador (Corres, 75.m), Iñaki Recio; Iker Llamazares, Yeray Cuello (Andoni Perez, 75.m): Pedro Belar (Lete, 66.m), Gorka Crespo (Iñaki Bilbao, 82.m); eta Xabi Gomez (Alex Perez, 66.m) .
3 - Alaves: Raul Fernandez; Egoitz Muñoz, ProMoussa Diarra, Protesoni, Yusi Enriquez (Xanet Olaiz, 89.m); Vicente, Guevara (Blanco, 63.m), Guridi (Ibañez, 63.m), Aleña (Izei Hernandez, 84.m); Toni Martinez eta Mariano (Mañas, 63.m).
Golak: 0-1, 2.m: Carlos Vicente. 0-2, 71.m: Tapiadorrek, bere atean.
Epailea: Alejandro Muñiz (Galiziako Batzordea). Portugaleteko Del Curari (36.m) eta Alex Perezi (70.m), eta Alaveseko Guridiri (21.m), Marianori (34.m) eta Yusiri txartel horia atera die.
La Florida (Portugalete) futbolz-zelaia lepo bete da. 3.000 ikusle izan dira, horien arten, Alavesen 200 zale inguru.