Adelante Liga
Alavesek kale egin du Mallorcan (2-0)
L.E. | eitb.eus
Alberto Lopezen taldeak jokoaren jabetza izan du baina Mallorca izan da atea zulatzen asmatu duen bakarra. Karpinen taldeak denboraldiko lehen garapena lortu du, Marcoren eta Abdonen golei esker.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alavesek ezustean galdu du Mallorcan, 2-0, minutu askotan jokoa kontrolpean izan duen arren.
Gasteiztarrak ondo hasi dira, eta lehen 20 minutuetan bi aukera garbi izan dituzte. Mallorca hautsita egon da. Karpinen taldea sailkapeneko zuloan da, eta arazo ugari ditu bulegoetan.
Baina partidak okerrera egin du arabarrentzat 32. Minututik hasita. Sangallik min hartu du eta aldatu egin behar izan dute.
Bigarren zatia hasi eta berehala egin du gola Mallorcak. Alaveseko atezaina ez da batere fin ibili eta Marco Asensik lehen gola sartu du, etxeko taldea aurretik jarriz.
Alberto Lopezen gizonak berdinketaren bila ibili dira, jo eta ke, baina hurrengo gola Mallorcak egin du: Marcok baloia erdiratu eta Abdonek oztoporik gabe sareetara bidali du.
Manu aldea murriztear izan da 77.ean, baina bere burukadak zutoina jo du.
Gauzak horrela, Mallorcak denboraldiko lehen garaipena lortu du. Alavesek, aldiz, 9 punturekin jarraitzen du, eta Lugo hartuko du etxean, datorren jardunaldian.