Adelante Liga
Alaves, Bigarren Mailako txapeldun
Erredakzioa
Arabako taldeak bana (1-1) berdindu du Nasticen aurka eta Adelante Ligako txapeldun izendatu da. Talde katalanak ezin izan du igoera zuzena lortu eta playoffak jokatuko ditu.
Alavesek bana (1-1) berdindu du Gimnasticen aurka Tarragonan Adelante Ligako azken jardunaldian eta Bigarren Mailako txapeldun izendatu da. Kataluniako taldeak igoera zuzena izan du jokoan, baina ezin izan du helburua lortu. Nasticek Osasuna izango du aurkari playoffetako lehen kanporaketan. Leganes izango da Alavesekin batera Lehen Mailara zuzenean igo den taldea.
Nastic partidaren bila joan da lehen minututik eta Arabako taldeak atzean ondo kokatuta itxaron dio etxeko taldeari. Tarragonako taldea nagusi izan da, eta abagune argienak izan ditu. Katalanen lehen abisua 7. minutuan etorri da, eta 10. minutuan Anibal Zurdoren erremateak zutoina jo eta kanpora joan da. Norgehiagokako 18. minutuan Emanak jokaldi ona egin eta Nasticentzat lehen gola sartzetik gertu egon da, baina Torres atezainak etxekoen gola eragotzi du. Anibal Zurdok beste abagune argi bat ere izan du, baina Alaveseko atezainak berriro gelditu bikaina egin du Nasticen gola saihesteko. Arabako taldeak abagune bakarra izan du Pachecoren bitartez, baina bere jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da.
Bigarren zatian ere Nastic izan da nagusi eta Tarragonako taldeak hainbat abagune huts egin dituen arren, 1-0ekoa sartu Xavi Molinaren bitartez, 65. minutuan. Alaveseko defentsak eta atezainak lan eskerga izan dute, baina oso ondo egon dira, eta Gimnasticek ezin izan du bigarren gola sartu. Alavesek lehen zatian baino abagune gehiago izan ditu bigarren zatian, baina gola ia azken unean iritsi da. 89. minutuan Manu Barreirok banakoa (1-1) sartu du Nasticeko defentsek egindako huts bat aprobetxatuta. Amaieran, berdinketa eta Alaves txapeldun.
Fitxa teknikoa:
1- Gimnastic: Reina; Valentín, Suzuki, Molina, Mossa; Tejera, Madinda; Lobato (Marcos de La Espada, min. 63), Emaná (Manolo Martínez, min.86), Naranjo; eta Aníbal (Jean Luc, min 52).
1- Alaves: Pau Torres; Carpio, Laguardia, Borda, Iñaki; Llamas (Juli, min.59), Mora; Kiko (Barreiro, min.68), Bernardello, Pacheco (Guichón, min.81); eta Toquero.
Golak: 1-0, min.65: Molina. 1-1, min. 89: Barreiro.
Epailea: Eiriz Mata.