Errege Kopako finalerdia
Mendizorrotzak erabakiko du finalerdia (0-0)
Agentziak | Erredakzioa
Celtak eta Alavesek hutsean amaitu dute Balaidosen jokatutako joaneko partida. Bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak, baina azken metroetan ez dute asmatu.
Celtak eta Alavesek hutsean berdindu dute Vigon, Balaidosen, Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan.
Euriak norgehiagoka baldintzatu du zenbait tartetan. Orokorrean, Celta nagusi izan da, eta galiziarrek arabarrek baino aukera gehiago izan dituzte gola egiteko. Hala ere, etxekoen aukera guztiak bigarren zatian izan dira, atsedenaldiaren aurretik ezer gutxi egin baitute erasoan. Lehen 45 minutuetan, Pellegrinoren taldeak izan du aukerarik argiena, baina Sergio atezainak ondo urrundu du Manu Garciak Camarasaren erdiraketa aprobetxatuz egindako errematea.
Atsedenaldiaren ostean, Celtak hobera egin du minutuek aurrera egin ahala, eta Iago Aspasek burukomin handia eman die arabarren atzelariei. Celtako jokalariak hainbat aukera izan ditu, argiena 66. minutuan, baina horren erremateak langa jo du.
Geroago, 87.ean, Tucu Hernandezek egindako erremateak Pachecoren gorputza jo du lehenengo eta zutoina gero. Etxekoen aukerarik argienak izan dira.
Ez da gehiagorako denborarik izan. Aipatzekoa da bigarren zatian Oscar Romerok debuta egin duela Pellegrinoren taldean.
Itzuliko partida datorren asteazkenean, otsailak 8, jokatuko da, Mendizorrotzan.
Fitxa teknikoa
0-. Vigoko Celta: Sergio, Hugo Mallo, Cabral (Sergi Gómez, 80. min), Roncaglia, Jonny, Marcelo Díaz, Radoja, Pablo Hdez., Wass (Guidetti, 77. min), Bongonda (Sisto, 69. min) eta Iago Aspas.
0-. Alaves: Pacheco, Femenía, Laguardia, Feddal, Theo Hernández, Llorente, Camarasa (Romero, 84. min), Manu García, Ibai (Vigaray, 75. min), Deyverson eta Toquero (Edgar, 63. min).
.