Itxi

Kopako finala

Alaves, ametsaren bila Bartzelonaren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Babazorroek bere historiako bigarren finala jokatuko dute, oraingon Errege Kopan. Larunbatean izango da partida, 21:30etan, Madrileko Vicente Calderon zelaian.

Alaves Bartzelonaren aurka arituko da Errege Kopako finalean, larunbatean 21:30etan Madrileko Vicente Calderonen. Gasteizko taldeak ametsa bete nahi du bere historiako bigarren finalean, eta aurkaria txapelketako erregea izango da.

Babazorroak tentsioa mantenduta iritsi dira Ligako bukaerara. Madrileko neurketara sailkatuta eta salbazioa garaiz lortuta, sentsazio onekin heldu dira denboraldiko momenturik garrantzitsura.

Alavesek UEFAko eskarmentua baino ez dauka, orain dela 16 urte Liverpoolen aurka, baina jokalari batzuk finalak jokatu dituzte. Ibai Gomezek eta Gaizka Toquerok Athleticekin egin zuten, eta Alexis Ruanok titulua lortu zuen Valentziarekin 2008an. Dani Torresek eta Mauricio Pellegrino entrenatzaileak ere badakite zer den final bat jokatzea.

Victor Laguardia, lesionatuta, baja bakarra izango da argentinarrarentzat. Rodrigo Ely prest dago neurketarako.

Pellegrinok bi aukera ditu Bartzelonaren kontra: bost atzerariz osatutako defentsa, Camp Nouko garaipenean bezala (1-2), edo ohiko lauko linea, Laguardiaren bajak bultzatuta.

Bartzelonan, Sergio Roberto eta Luis Suarez dira bajarik garrantzitsuenak Luis Enriqueren taldean. Mathieu, Rafina eta Vidal ere lesionatuta daude, baina azkena prest egon daiteke larunbaterako.

Kataluniako taldeak titulua behar du denboraldiari bukaera ona jartzeko, Ligak eta Txapeldunen Ligak ihes egin diote eta.

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Bartzelona: Cillessen; Mascherano, Pique, Umtiti, Jordi Alba, Sergio Busquets, Rakitic, Iniesta, Messi, Paco Alcacer, Neymar.

Alaves: Pacheco; Femenía, Alexis edo Vigaray, Ely, Feddal, Theo; Marcos Llorente, Manu García, Ibai, Méndez edo Toquero; Deyverson.

Albisteak (3)