Itxi

Lehen jardunaldia

Alaves galtzaile atera da Leganesen aurkako partidan (1-0)

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Arabarrak madrildarren mende egon dira ia partida osoan, eta penalti bat ere huts egin dute. Gabriel Piresek egin du, lehen zatian, neurketako gol bakarra.

Burgui, Gabriel partidako goleatzailearekin. Argazkia: Efe.

Alavesek porrot batekin hasi du 2017-2018 denboraldia, Leganesekin Butarquen 1 eta 0 galdu ostean.

Partida nahiko orekatua hasi da baina etxekoek berehala hartu dute jokoa kontrolpean. Szymanowskik egindako erdiraketa batek sortu du lehen arriskua, baina Guerrerok eta Gabrielek ez dute errematatzen asmatu.

Luis Zubeldiaren taldea, berriz, bere momentuaren zain izan da, eta hori 14. minutuan iritsi da. Diego Ricok Burgui area barruan lurrera bota du eta epaileak penaltia adierazi du arabarren alde. Manu Garciak jaurti du, gaizki, eta Cuellarrek arazo handirik gabe harrapatu du baloia.

Penaltia huts egiteak min egin die gasteiztarrei, eta Leganesi, aldiz, mesede. Madrildarren jokoak hobera egin du eta nagusi izan dira berdegunean.

Partidako gol bakarra minutu batzuk geroago iritsi da. Guerrerok falta bat atera du, Sobrinok buruarekin desbideratu du baloia, Pacheco despistatu egin da eta Gabrielek baloia atean sartu du.

Alavesen aukerak, bigarren zatian

Atsedenaldiaren ostean, Alaves berdinketaren bila atera da. Romerok eta Burguik aukera argiak izan dituzte urrutitik egindako jaurtiketekin, baina baloia ez da ate barruan sartu. Hala ere, Leganesek arriskua sortzen jarraitu du.

Ez da gol gehiagorik izan, eta puntuak Butarquen geratu dira. Luis Zubeldiaren jokalariek ezin izan dute punturik lortu.

 

Fitxa teknikoa

1 - Leganes: Cuéllar; Zaldua (Bustinza, 80. min), Mantovani, Muñoz, Diego Rico; Rubén Pérez, Eraso (El Zhar, 69. min); Omar (Morán, 65. min), Szymanowski, Gabriel; eta Guerrero.

0 - Alaves: Pacheco; Vigaray, Alexis, Ely, Pedraza (Héctor Hernández, 75. min); Wakaso (Tomás Pina, 62. min), Manu García; Ibai, Burgui, Sobrino (Romero, 62. min); eta Santos.

Golak: 1-0, 23. min: Gabriel.

 

 

pg" />

 

Albisteak (3)