Zubeldia ordezkatuko luke
Gianni De Biasi izango da Alaveseko entrenatzaile berria
eitb.eus
Radio Vitoriak jakin duenez, Albaniako selekzioaren hautatzaile nagusiak arabarren eskaintza onartu du, eta datorren astean aurkeztuko dute.
Gianni De Biasi izango da Alaves taldeko entrenatzailea, aurreko astean Luis Zubeldia teknikari argentinarra kargutik kendu ostean. Italiarrak Gasteizko klubak egindako eskaintza onartu du, eta astelehenean aurkeztuko dute, Radio Vitoriak aurreratu duenez.
De Biasi Albaniako hautatzaile nagusia izan da azken urteetan, eta 2007/2008 denboraldian Espainiako ligan jardun zuen, Levanten. Abel Resinok utzitako lekua hartu zuen, eta 25 jardunalditan zuzendu zuen taldea, baina ez zuen denboraldia bertan amaitu. Urte horretan, Levantek bigarren mailan bukatu zuen.
Zubeldia kargugabetzeko erabakia
Zubeldiaren gidaritzapean, talde babazorroak lau norgehiagoka galdu zituen jarraian, eta ez zuen gol bat bera ere sartu. Alavesek igandean etxean Vila-realen aurka 0-3 galdu ostean hartu zuen zuzendaritzak argentinarra kargutik kentzeko erabakia.
Dena dela, entrenatzailearen aldaketak ez du ekarri klubean espero zuten ondorioa; izan ere, taldeak bosgarren porrota jarraian lortu zuen asteazken honetan Deportivoren aurka, oraingoan Javier Cabello aldi baterako entrenatzailearen aginduetara.
De Biasi ha aceptado la oferta del @Alaves Asumirá el cargo tras el partido ante el @realmadrid El lunes posible presentación pic.twitter.com/sC8KmuL3Cd
? RV Kirolak (@RVKirolak) 22 de septiembre de 2017